Eskolako jangelan askotariko menuak jarri dituzte aukeran

Aintzane Irizar 2006ko abe. 22a, 10:30
Azaroaren 28an egin zuten urteko batzar orokorra eta hantxe eman zuten menu aukeraren berri; jangelan beste berrikuntza batzuk ere badaude.

Azaroaren 28an egin zuen urteko batzar orokorra Pausoka gurasoen elkarteak. Hantxe, besteak beste, batzorde berria aukeratu zuten. Hauexek osatzen dute batzorde berria: Nerea Irizar izango da lehendakari berria; Paco Cabrera lehendakari-ordea izango da; Mikel Kerexetak eta Patxi Legorburuk idazkari lanetan jardungo dute; Nerea Ruiz eta Edurne Gabilondo diru kontuez eta formazio ikastaroez arduratuko dira; Amaia Toledo eta Ander Lezeta ekintzak antolatu eta jangelako kontuez; Olatz Altzelai eta Jesus Gardoki eskola kirolaren arduradun izango dira eta Bakarne Gastañares, azkenik, zaintza zerbitzuaz arduratuko da.


Haurreskola Pausokan

Iaztik, Haurreskolakoek ordezkaritza dute Pausokan; Bakarne Gastañares da guraso horien ordezkaria. Bi urte egingo ditu kargu horretan Bakarnek, eta datorren urtean ordezkari berria aukeratu beharko dute. Dena dela, aurten lehendabiziko aldiz, Haurreskolako gurasoek Pausoka elkartearen kuota ordaintzen hasi beharko dute; izan ere, iaz, hainbat arrazoi zirela eta, ez zuten kuota hori ordaindu.
jangelan hainbat berrikuntza.


Jangelan izango diren hainbat berrikuntzaren berri ere eman zuten batzar orokorrean. Berrikuntza garrantzitsuena izango da hainbat menu egongo direla aukeran aurrerantzean: erregimen menuak (gatzarekin eta gatzik gabe), zeliakoendako, txerrikirik gabekoak, esnekirik gabekoak, arrautzarik gabekoak eta beste hainbat alergia dituztenendako menuak. Menu horiek eskatzeko, medikuaren idatzia aurkeztu beharko dute umeek.

Bestalde, begirale bat gehiago izango dute jangelako umeek. Aurrerantzean hiru begirale izango dituzte. Gaur egun, ia eguneroko 39 erabiltzaile ditu jangelak. Aipatzekoa da, bestalde, jangelako arautegia ere berritu egin dutela.

Bukatzeko, ikasturte berrirako antolatu dituzten ikastaroen berri ere eman zuten Pausokako kideek; honakoak izango dira: jazarpena, sorospena, elikadura eta kulturen arteko elkarbizitza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak