Eliza eraberritzen aurten hasiko direla espero dute

Aintzane Irizar 2007ko ots. 16a, 12:51
Urtebete baino gehiago darama herritar talde batek lanean Errukizko Amaren parrokia eraberritzeko helburuarekin. Batzorde bat osatu zuten hamar bat lagunek eta hainbat urrats egin dituzte ordutik hona. Eraberritze lanen proiektua esku artean dute eta aurten bertan, udaberrian edo, lanekin hastea espero dute.

Parrokiako batzordeko arduradunak ohartu ziren itoginak zeudela eliza barruan, teilatua txarto zegoen-eta. Hain zuzen, kezka hura izan zen eliza eraberritzeko herritarren batzordea osatzeko arrazoi nagusia. Kontuan hartu behar dugu orain dela 40 bat urte konpondu zutela azkeneko aldiz elizako teilatua. Hala ere, premiazkoena teilatua eraberritzea izan arren, beste hainbat konponketa ere egin beharra zegoela ikusi zuten eta lanari ekin zioten.


Proiektua esku artean

Batzordeko kideek, eraberritze proiektua handia zela ikusita, lanen zuzendari bat kontratatu zuten: Luis Mari Alberdi, hain zuzen ere. Hasteko, elizaren egoeraren azterketa egin zuen eta diagnosia ondoren. Eraberritze lanen proiektua ere hark egin du eta dagoeneko bukatuta dago.

Beste sarrera bat egingo dute

Eraberritze lanak aurten bertan hasiko dituztela espero dute; bi fasetan egingo dituzte: lehendabiziko fasean kanpoko lanak eta bigarrenean barrukoak.

Batzordearen nahia da aurten hastea lehen faseko lanekin; fatxada eta kanpandorrea txukundu, erreteila egin, elizpea txukundu... Berritasun nagusia, baina, izango da beste sarrera bat egingo dutela. Atzeko aldean, eskolako jolastokiaren parean, egingo dute sarrera hori. Horren helburua da irisgarritasuna bermatzea; izan ere, oraingo sarrerak arazoak sortzen dizkie mugikortasun arazoak dituztenei.
Bigarren faseko lanak 2008an egingo dituzte. Barruko lanak egingo dituzte orduan: zorua, korua, organoa eta abar konponduko dituzte. Eta kupulako margoak eraberritu egingo dituzte.

Herritarren laguntza

Lan horiek guztiek 1.200.000 euroko aurrekontua izango dute; Diputazioak 700.000 euroko laguntza agindu die. Udalak eta Gotzaintzak ere jarriko dute dirua, baina oraindik ez diete zehaztu zenbat. Hori guztia lotuta daukatenean, herritarren aurrean aurkeztuko dute proiektua, haiei ere diruz laguntzea eskatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak