Ardoaren gaineko liburua egin du Jon Stegmeier arrasatearrak

Irati Agirreazaldegi 2009ko mar. 5a, 19:18
Jon Stegmeier Iruñean bizi den kazetari arrasatearrak 'Navarra. La cultura del vino' liburua kaleratu du Nafarroako Gobernuaren eskutik. Thyssen museoan aurkeztu du orain dela gutxi lan hori.

Ardoaren munduan gero eta konpetentzia gehiago dagoenez, Nafarroako Gobernuak  promozioa egitea nahi du. Hortaz, orain dela urte batzuk deitu zioten Jon Stegmeier kazetari arrasatearrari bere kazetari lanak irakurrita ezagutzen zutenez, ardoaren gaineko liburu bat egiteko eskatuz.

Arraroa da arrasatear bat ardoaren munduan murgilduta ikustea eta horretara liburuak eraman duela azaldu digu: "Liburua eskatu zidatenean ardoari buruz nekien bakarra zen gustatzen zaidala eta bizitzako momentu bereziak ardoarekin gogoratzen ditudala. Berezitasun horrek bultzatu ninduen liburua egitera".

Ezjakintasunetik abiatu eta Kontseilu Erregulatzaileko buruarengana jo zuen laguntza eske eta hark bideratu zuen upategi txiki batera, non gazte batzuek ardo ekologikoa egiten duten. "Atentzioa eman zidan ardoari buruz nola pasioz berba egiten zuten, egiten zutenaz harro. Horren ostean, upategi handiak ere bisitatu nituen, Moneoren eraikina duen Chivite, esaterako, eta ohartu nintzen ardoari buruz berdin-berdin hitz egiten zidatela. Literatura asko dauka mundu honek. Ardoari buruz garai guztietan gauza mordoa idatzita dago eta gauza oso politak gainera: Erroman, Egiptoko hieroglifikoetan, monasterioetako irudietan…", esan digu Stegmeierrek.   

Historiatik turismora

Liburuan jaso nahi izan du ardoarekin zerikusia duen dena, "ardoa berezi egiten duen dena". Jasotzen du  ardoaren presentzia kulturan,pinturan, literaturan edo arkitekturan. Stegmeierren esanetan, "gaur egun arkitekto ezagun gehienek dute euren upategia diseinatuta. Hori azken batean ardoa saltzeko modua ere bada, sinbolo edo irudi ere badelako". Historia ere jasotzen du: "Erromatarren garaitik, ardo kooperatibetara, XIX. mendeko izurritea Nafarroan 50.000 hektarea mahasti izatetik 700 hektarea izatera eraman zuena…". Ardoaren eta espiritualtasunaren arteko harremanaz ere badihardu liburuak. "Jesukristok azken afarian ardoa erabili zuenez sinbolismo handia izan du eta erlijio nagusienetan presentzia nabarmena du. Blblian, esaterako, aldiz 430 agertzen da ardoa eta beti modu transzendentean. Ez da edozein edari, magia moduko zerbait du.; eta ardoaren inguruko turismoa", dio Stegmeierrek. Azkenik, ardoaren inguruko turismoaz ere jardun du liburuan. "Gero eta indar handiagoa hartzen ari da eta jendeak upategietara joateko joera du, bazkaldu, hoteletan gelditu… ".

Harrera ona

Abenduan aurkeztu zuten liburua Iruñean, Nafarroako artxiboan eta otsailean Thyssen museoan. "Tita Cerveraren ama nafarra zen eta lotura estua du Nafarroarekin. Jende esanguratsu mordoarekin aurkezpen berezia izan zen", kontatu digu egileak. 

Harrera onaren ostean, bigarren edizioa gertatzen dihardute, baita Ingelesekoa ere. "Ardoa edaten duenari eta Coca-Colarekin edo garagardoarekin sentitzen ez duen sentipen berezia sumatzen duenari gomendatuko nioke liburua erostea, jakiteko sentimendu horrek baduela arrazoia", dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak