Antzuolako EAJren urteurrenean teloi historikoa jendaurrean

Irati Agirreazaldegi 2009ko aza. 12a, 17:03

EAJk 100 urte bete ditu Antzuolan, eta, mendeurrenaren harira hainbat ospakizun izango dira. Gaur, eguena, 36ko gerraren aurreko oihal historiko bat ipiniko dute erakusgai Olaranen eta zapatuan meza, liburu aurkezpena, hitzaldia eta omenaldia izango dira besteak beste.

Ospakizunak egiteaz gain, liburu bat ere kaleratu dute. Ez da erraza izan liburua osatzea, Iñigo Ramirez de Okariz egilearen esanetan: "Jendeak beldurrez dokumentuak erre, bota edo ezkutatu egin zituen. Hortaz, informazioa jasotzeko baliatu naiz zeharkako kontuetatik".

1908an hainbat herritar gaiarekin arduratzen hasiak zeuden arren, 1909an inauguratu zen Antzuolan batzokia; orain Ongi Etorri taberna dagoen lokalaren gainean zegoen, hain zuzen.

Ideologia asko

Garai haiek ez ziren batere baketsuak herrian, karlistak, monarkikoak eta nazionalistak baitzeuden. "Hain herri txikian hainbeste ideologiak topo egitea eztabaidarako iturri zen. Zer esanik ez errepublikarrak herrian sartu zirenean", dio Ramirezek. Gerra Zibila hasi zenean alderdi politikoen hiru egoitza zeuden: karlistena Isidoranekoan, nazionalistena eta Lapatza Etxeberrin errepublika-zaleena. "Errepublika etorri zenerako bazegoen nahikoa kontzientzia ideologiko", dio.
Antzuolan ekintza asko egiten zen batzokian; batik bat, kultura ekintzak. Horien bultzatzaileak emakumeak ziren, batik bat, eta EAJtik sortu zen Emakume Abertzaleen Batza ere. Juan Lamariano antzuolarrak gogoan du nola bere arrebekin antzerkiak ikustera joaten zen batzokira. Antzuolan baziren EAJren babesetik aldendu nahian zebilen eta pentsaera erradikalagoa zuen nazionalista talde bat, Mendigoizaleena. "Gazteak ziren eta EAJren hainbat araurekin ez zeuden gustura", esan digu Iñigo Ramirezek.

Lehenengo alkateak

Sorrerak izan zuen garrantzia,  baina pauso garrantzitsuenak nazionalistak Udalean karguak hartzen hasi zirenekoak direla esan digute. Antzuolako alkate nazionalistak, 36ko gerra hasi bitarte izan ziren: batetik, Tomas Arbulu, bi aldiz alkate izan zen, eta batzokiko presidente ere izan zen; bestetik, Donato Lamariano, Errepublikatik 36ko gerra hasi arteko alkate nazionalista. "Harekin batera nazionalistak gailurrera iritsi ziren ordezkaritza politikoari dagokionez, betiere karlistekin pare samarrean  Antzuolan, borroka eta botere alternantzia beti egon da".

Ramirezek azaldu digu Lamarianok bere agintaldian alkatetzari uko egin behar izan ziola, ez zeudelako ados Madrilgo zenbait akordiorekin, baina gero berreskuratu zituztela karguak. "Ikus daiteke nola zikloak errepikatzen doazen, nahiz eta konnotazioak beste mota batekoak izan". Donato Lamarianok alde egin behar izan zuen eta beste batzuk gerrara, batailoietara, kontzentrazio eremuetara…

Alkate nazionalistak

  • Tomas Arbulu    1920-1922/1930-1931
  • Donato Lamariano    1931-1936
  • Paco Legorburu    1979-1983
  • Jose Mari Ugalde    1983-1987
  • Iñaki Lete eta Roke Iñarra    1991-1995
  • Mikel Larrea    1995-1999
  • Jose Angel Zabalo    2003-2007

Batzokiko teloia

1936ko irailaren 21ean, Espainiako gerrarekin batera itxi zituen ateak batzokiak. Baina bada bitxikeria bat, Ramirezek kontatu diguna: "Teloi bat zegoen han, Simon Arrietaren margolan batekin eta frankistak sartu zirenean  bilerak egiteko ikurrinaren gainean bandera espainiarra margotu zuten. Orain, berreskuratu egin du Sabino Arana Fundazioak (SFA). Orain dela urte batzuk batzokian aurkitutako beste ikurrina batzuk ere berritu zituzten".

Antzuolako Batzokiko ekitaldi-aretoko oihal edo teloi historikoa, 36ko gerraren aurretik jeltzaleen egoitzako emanaldietako irekitzeak eta ixteak egiteko erabiltzen zen eta gaurtik, azaroaren 12tik hilaren 16ra bitartean Olaran Etxean ikusi ahal izango da. Oihal historikoa Simon Arrieta artista bergararrak margotu zuen. Aurrez aipatu bezala oihalak badu berezitasunik: jatorrian dantzari bikote bat agertzen zen eskuan ikurrina zeukatela, baina Gerra Zibilean Antzuolako karlistek ikurrinaren gainean bandera espainola margotu, eta dantzariaren txapelari kolorea aldatu zioten beltzaren ordez gorria ipiniz. Pieza orduan zegoen moduan gorde eta 2005eko martxoan Antzuolako EAJ-PNVk Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Museoari eman zion. Ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz oihala zaharberritu zuten eta jatorrizko koloreak berreskuratu.

Etorkizuna

Batzokirik ez zen gero berreskuratu eta militanteek gaur egun duten zalantza da ea beharrezkoa ote den batzoki bat, kontuan hartuta gaur egungo ohiturak asko aldatu direla. "Orain 15 afiliatu inguru ditu alderdiak Antzuolan eta gehien eduki zituen sasoian 30etik gora ginen", dio Ramirezek.

Batzokirik ez eta 1986an EAren sorrerarekin EAJren barruan izan zen etenak ahuldu egin zuen alderdia, ia boto erdiak galduz. Bestalde, "ezker abertzalea agertu eta EAJri aurrez aurre begiratuta harrezkero alkate alternantziak markatu du herriko eszenatoki politikoa", dio Ramirez de Okarizek.

Iraganari nostalgiaz begiratu ostean, kezkaz begiratzen diogu etorkizunari, euren ondoren jenderik ikusten ez dutelako.  Ramirezen esanetan, "jendeak politika ez beste balio batzuk lehenesten ditu. Aztertzen dihardugu nola erakarri jendea, gure proiektura ez ezik, herriko beharretara, ideologiak alde batera utzita, herrigintza krisian baitago".
Mendeurrena ospatu eta etorkizunari begira jartzeko bihar, zapatua, ospakizuna egingo dute.

Ekitaldiak

Azaroak 12, eguena

  • 18:30 Hitzaldi-tertulia Olaran etxean.

Azaroak 14, zapatua

  • 11:00 Hildako alderdikideen aldeko abestutako meza
  • Ondoren, Ongi etorriko agurra Olaranen txistulariekin.
  • 11:45 Antzuolako Uri Batzarrak egindako EAJ-PNV Antzuolan  (1909-2009) liburuaren aurkezpena.
  • 12:15 Joseba Egibarren hitzaldia.
  • 13:00 Omenduei liburu banaketa.
  • 13:15 Otordu txikia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak