Antzuola-Aiherrako senidetzearen erreleboa gazteek dute orain

Maider Arregi 2009ko urr. 11a, 19:35
Hego eta Ipar Euskal Herriak bat egin dute gaur, hilak 11. Autobuskada etorri da Aiherratik Antzuolara. Zirimiriari aurre eginez, harrera beroa egin diote goizean Antzuolako txistulari taldeak Antigua auzoan. Bertan, elkartu dira 25 urte senidetuta daramaten herrietako bizilagun, alkate eta aspaldiko lagunak.


Lehenengo geldialdian, Antiguako errota erakusteko egin dute eta hamaiketako edarraren ostean, txistulariekin batera, Torresoroa aretora abiatu dira. Torresoroako atarian ordea, gaztetxeko kideek egindako sorpresa bat izan dute ikusgai. "Mugak apurtuz, bi herri nazio bakarra" lemapean, mural bat margotu dute antzuolarrek.
Behin Areto barrura sartuta, Antzuolako alkateak, Pedro Iturbek hartu du hitza, aurreskuaren ostean. Ez dela senidetze soil bat azpimarratu du Iturbek. "Herritik jaio eta bultzatutako harremana da. Ez da senidetza soil bat, herriak daukan sentimendua da eta herritik sortutakoa". Senidetza bultzatu zutenendako ere hitz hunkigarriak izan ditu Iturbek. "Izarraitz mendian egin zuten topo Aiherrako eta Antzuolako talde  batek. 25 urte igaro dira senidetzaren hitzarmena sinatu zenetik eta harreman horrek izan duen eboluzioa ikusita oso pozik gaude, ilusioa handia da. Daukagun harreman pertsonala bikaina da, baina, ezinbestekoa izan da bi herrietako elkarteek egindako lana".
Juan Antonio Iturbek, senidetzearen sorrerako kideak, eskerrak eman dizkie senidetzaren hastapenean parte hartu dutenei. "Oraindik gogoratzen dut 1984an Makean batu gineneko eguna. Han sinatu genuen hitzarmen ofiziala. Euskarak batzen gaituen bi herri gara. Sorpresa izan zen Iparraldeko herri batean euskara egiten zutela jakitea eta haiendako ere harrigarria zen gu euskaraz mintzatzea".

Gazteengan etorkizuna

25 urteren ostean, gazteei pasa diete testigua eta harremana sustatzeko ekintzak antolatu dituzte urritik apirilera bitartean. "Inoiz baino gazte gehiago etorri da eta pozik gaude; harreman honek etorkizuna izan dezan, gazteek egin beharko dute lan orain" azaldu zuen Patxi Olabarria Kultura zinegotziak. Jean Mitxel Barbier, Belzuntze Kultura Elkarteko kideak ere balorazio positiboa egin zuen; izan ere, hurrengo sei hilabetetarako zenbait ekintza antolatu dituzte. "Gazteek kontzertuak eta ekintza ezberdinak antolatu dituzte. Gau Beila izeneko ekintza antolatu dugu Aiherran, eta Los Viernes al Ron talde antzuolarrak kontzertua eskainiko du. Abenduaren 26an, berriz, Antzuolara joango da Aiherreko munduko txapeldun titulua daukan organista. Martxoa eta apirila bitartean, zehazteke dagoen ekintza nagusia egingo dugu borobiltzeko".


Aiherrako auzapeza, Jean Paul Basterretxe ere gustura eta hunkituta. "Biziki kontent gira, elkarteei, herritarrei eta Udalei eskerrak eman behar zaie. Orduko Antzuolako alkate zenak, Joxe Angel Zabalok, ere lan handia eginen zuen bi herrien alde".   14:30 aldera, bazkaria egin dute, harreman berriak sortzeko eta lehendik zeudenak sendotzeko asmoz. 160 lagun inguru batu dira Udal Pilotalekuan. 55 lagun etorri dira Aiherratik. 


Dantza, musika eta jai giroan murgilduta, dagoeneko hasiak dira hurrengo urterako, 26.urteurrenerako, ze ekintza prestatu pentsatzen. Baina, 25.urteurrena denen oroimenean geratu dadin, Antzuolako sarreran seinaleak jarri dituzte. Pedro Iturbe alkateak adierazi bezala, handik pasatzen diren auto eta ibilgailu guztiek jakingo dute Aiherra 140 kilometrora dagoela. Eta Aiherran ere, berdin, Antzuola 140 kilometrora dagoela jakingo dute bertaratzen direnek. Bi herrien nortasuna eta errealitateak jakitera emateko modu originala eta polita zalantza gabe.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak