Aldaketa ugari aurtengo Mairuaren Alardean

Txomin Madina Milikua 2009ko uzt. 8a, 13:51
2007an, Eusko Ikaskuntzak ikerketa bat egin zuen Udalak eta mairuaren Alardearen Kultur Elkarteak eskatuta alardearen egoera zein zen jakiteko. Ikerketaren emaitzak ikusita, argi ikusi zuten alardearen biziraupena bermatzeko, beharrezkoa dela aldaketa batzuk egitea.

Egoera honen aurrean eta alardea biziberritu asmoz, Udal ordezkariak, Mairuaren Alardearen Kultur Elkartekoak eta beste hainbat herritar elkarlanean aritu dira.

Lau izan dira izan dituzten helburu nagusiak. Hasteko, mairuaren irudia duintzea, orain arte soldaduen buruzagiarekiko azaltzen zuen menpekotasuna gaindituz eta protagonismo handiagoa emanaz.

Honetaz gain, gaur egungo antzuolarrek konpartitzen dituzten balioak alardean integratu gura izan dituzte, baita diskurtsoa historiarekin hobetu lotu eta eszenografia indartu ere.

Ibilbide luzeagoa

Uztailaren 18an ikusiko diren aldaketa zehatzei dagokienez, nagusienetako ibilbidea izango da; orain artekoa baino luzeagoa izango da berau, Antiguako ermitaraino eta Beheko auzoraino helduko delarik.

Beste hainbat aldaketa ere egingo dira: mairua hobeto karakterizatuko dute; musika eta dantza gehiago sartuko dira; diskurtsoa Antzuolako euskaran izango da eta jantzietan ere egongo da aldaketarik: uniformatu egingo dituzte. Kaleetan alardea egin bitartean gainera, plazan dokumental bat eskainiko dute. 19:00etan hasiko da aurten alardea.

Patxi Olabarria zinegotziaren esanetan, aldaketok ez dute alardearen funtsa aldatuko: antzuolarrentzat autoafirmazio erritoa izaten jarraitzea gura dute, baina inor zapaldu edo erasotu barik.

180 pertsona irtengo dira aurtengo alardean, beste urte batzuetan baino gehiago, eta herritarrak eta kanpotarrak alardean parte hartzera animatu  dituzte.





ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak