Antzuola erreka bideratzeko lanak 2007ko martxoan amaituko dituzte

Aintzane Irizar 2006ko aza. 6a, 11:07
Martxa onean doaz Antzuola erreka bideratzeko lanak; gauzak horrela, proiektuan aurrez ikusitako moduan, martxorako amaituta egongo direla espero dute Eusko Jaurlaritzako arduradunek.

Antzuola erreka herriko plazaren azpiko aldetik pasatu da orain arte. Horrek, uholde arriskua areagotzen du eta lanon helburua da arrisku hori ekiditea edo murriztea.

Horretarako, erreka, zati batzutan, bistaratu egingo dute, eta gainezkabide bat eraikitzen dihardute plazako etxeen ostean.

Martxoan amaituta

Gainezkabideko lanak oso aurreratuta daude. Kanalaren ezkerraldea egitea eta estaltze lanak besterik ez zaizkie geratzen. Azaroan amaituko dituzte lanok.

Plazako lanik potoloenak, berriz, urte amaieran bukatuko dituzte. Orduan, plaza urbanizatzea bakarrik faltako zaie. Arazorik suertatzen ez bada, martxorako lanak amaituta egongo dira.

Aurrekontuan aldaketa txikia

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko Gipuzkoako Ur zuzendaritza da Antzuola erreka bideratzeko proiektuaren arduraduna. Zuzendaritza horretako prentsa arduradun Kike Sarasak adierazi digunez, aurrekontuan aldaketa txiki bat egon da: "Erreka ez da irten guk uste genuen tokian; horregatik, proiektua aldatu behar izan dugu eta horrek aurrekontua %10 igo digu". Hasierako aurrekontua zen 2.514.880 eurokoa. Sarasak esan digunez, horrelako proiektu baten, %10eko aldaketa oso txikia da.

Hainbat datu

Esan bezala, Eusko Jaurlaritzaren ardura dira erreka bideratzeko lanak. Enrique Elkoroberezibarrek idatzi zuen proiektua, Jaurlaritzak aginduta, eta 2005eko otsailaren 4ko osoko bilkuran onartu zuen Antzuolako Udalak proiektu hori. Gero, osoko bilkuren aretoan bertan, ikusgai egon zen proiektua.

Proiektuaren arabera, gainezkabideak sei metroko zabalera eta bost metroko altuera izango du. Plazan, berriz, 4,5 metroko zabalera izango du errekak. Udaletxe parean egingo duten plataformak 19 metroko zabalera izango du. Euskadiko Kutxaren parean, berriz, 6,5 metroko zabalera izango duen pasabidea egingo dute eta Surpe parean 9 metrokoa.

Ahalegin berezia

Eusko Jaurlaritzaren hasierako asmoa zen erreka plazan guztiz bistaraztea. Udalaren ardura, berriz, erreka guztiz bistaratuz gero, herria plaza barik geratuko litzatekeela. Horrek ekarriko zukeen arazoetako bat, honakoa: zela ospatu Mairuaren Alardea? Alardea eta plazan ospatu izan diren gainerako ekitaldiak.

Kike Sarasa Eusko Jaurlaritzako prentsa arduradunak zera adierazi digu: "Udalak eskatu zigun herria plaza barik ez lagatzeko ahalegin berezia egitea eta horrelaxe egin dugu; alde teknikoari zein aurrekontuari begira, ahalegin berezia egin dugu". Eusko Jaurlaritzaren irizpidea beti izaten da errekaren jatorrizko bidea errespetatu eta erreka bistaraztea. Dena dela, Jaurlaritzak kontuan hartu du Udalaren eskaera, eta horregatik, ahalik eta azalera txikienean lagako du bistan erreka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak