Sagastin parkea aldarrikatu dute hainbat herritarrek

Irati Agirreazaldegi 2006ko eka. 9a, 16:05
Sagastiko zelaian gizarte eta kultur etxea egiteko asmoa dauka Udalak. Gertu Gae, Zutik eta herritar batzuk leku horretan parkea egitearen aldekoak dira, eta eskola umeak ere parkearen aldeko sinadurak biltzen hasi dira.

Gizarte eta kultur etxearen kokapenarekin eta proiektua garatzeko izan den eztabaida faltarekin kezkatuta daude zenbait herritar eta asteon elkartu dira gaiaren gainean berba egiteko.

Herritar hauen esanetan, "herri guztiek daukaten bezala Antzuolak ere parke bat edukitzea bidezkoa da. Herrian kaletik gertu eta publikoa den beste gunerik ez dago Sagastikoa baino. Ez dugu zalantzan jartzen gizarte eta kultura etxe baten beharra baina kontuan hartuta nolakoa eta non".

Zerbitzuak beste nonbaiten

Gizarte eta kultura etxean liburutegia, aretoa, eta erretiratuendako zerbitzuak joango lirateke. Horiek guztiak ipintzeko erdigunean egonik leku egokia da Sagasti eta hori ez dute ukatzen. Hala ere, egokiago jo dute "aztertzea ekipamendu horiek non sartu eraikin berri bat Sagastin egin gabe. Batzuek Olaran etxera bideratzea eta beste batzuek Maristen eraikina zegoen lekuan egingo dituzten etxebizitzetan jartzea proposatzen dugu. Baina horrek ekarriko luke saltzeko etxebizitza gutxiago izatea".

Gogorarazi dute gizarte eta kultura etxea Sagastin egin ahal izateko arau subsidiarioak aldatu zituztela, "gune hau igerilekuak eta kirol gunea egiteko bideratua zegoen eta Maristetan ere etxeak egin ahal izateko aldatu zituzten arau subsidiarioak. Aldaketa horiek egin zirenean hainbat alegazio aurkeztu ziren".

Lur sail honetan egin behar den ez da aztertu beharreko kontu bakarra; gizarte eta kultura etxean zer egongo den eta antolakuntza nolakoa izango den eztabaidatzea da talde honen asmoa: "egokia izango litzateke herritarrekin eta kultura taldeekin eztabaidatzea erabakitzeko zein motako erabilera eman gizarte eta kultura etxeari".

Aldarrikapena

Aurre proiektuari alegazioak egin dakizkioke, baina ez kokapenari, eraikinaren beraren barruko zein kanpoko itxurari baizik.

Beraz, ikusita aurretik eztabaidarik ez dela egin eta aukera gutxi dagoela gauzak aldatzeko, talde honetan elkartu dira herritarrei jakinarazteko zein den egoera; eta bide batez denen aldarrikatzeko Sagasti parkea izatea, inolako eraikin gabe.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak