Gazteen %100ak egiten du euskaraz kalean Soziolinguistika klusterraren arabera

Irati Agirreazaldegi 2006ko mai. 23a, 14:02
Soziolinguistika Klusterrak euskararen kale erabilera neurtu zuen iazko azaroan Antzuolan; eta orain emaitzak ezagutarazi dituzte. 2001eko erroldaren arabera antzuolarren euskara ezagutza %76,8koa da; eta neurketa egin zutenean %67k erabili zuen. Bestalde, 2001eko neurketan erabilera %69,4koa izan zen, beraz, jaitsiera oso txikia izan da.

Gazteak

Gazteak

Adin tarteei erreparatuta gazteak dira euskara gehien erabiltzen dutenak, %100ak hain zuzen ere. Hala ere, kontuan hartu behar da neurketa egin zenean oso gazte gutxi zegoela. Baina zeudenek, guztiek egin zuten euskaraz.

Umeak

Hauen atzetik daude haurrak (%81,7). Baina datu kezkagarria da azken urteotan umeen artean euskararen erabilerak behera egin duela. 2001ean %88,7koa baitzen erabilera. Jaitsiera honetan eragina izan du kanpotik euskaraz ez dakiten haurrak herrira etortzeak. Bestalde, ikusi dute umeak elkarrizketako parte direnean erabilera %74,2koa dela eta ez direnean, berriz, %48,5ekoa. Euskaraz hitz egiten dute batez ere haurrek euren artean (%88,6).

Adinekoak

Honetaz gain, aipatzekoa da adinekoetan nabarmen egin duela behera erabilerak. Hauek dira, hain zuzen ere, euskara gutxien erabiltzen dutenak (%44,1).

Antzerako joera beste herrietan

Emaitzak, hala ere, poztekoak dira erabilerari dagokionez. Izan ere, kale neurketak jaso duen erabilera erreala (% 67) espero zitekeen erabilera (% 51) baino altuagoa da. Ibarrean, herri txikietan ere antzerako joera dago; Aretxabaletan eta Eskoriatzan, esaterako. Herri handietan, ordea, alderantzizkoa gertatzen da: Arrasaten eta Bergaran, esperotako erabilera baino baxuagoa da neurketek jasotzen dutena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak