Antzuola eta Lizarra bat eginda Alfonso Ugarte goraipatzeko

Irati Agirreazaldegi 2006ko mar. 2a, 14:33
Alfonso Ugarte musikariaren irudia goraipatu asmoz, bat egin dute Lizarrako eta Antzuolako Udalek. Besteak beste kultura eta musika ekintzak antolatuko dituzte elkarlanean.

Antzuolako Udaleko ordezkari Jose Angel Zabalo alkatea eta Iñigo Ramirez Kultura zinegotzia, herriko abesbatzako Fernando Leterekin batera Lizarran izan berri dira. Bertan bilera izan zuten Lizarrako kultura zinegotzi Jaime Garinekin eta lauren artean adostu zuten zenbait ekitaldi egitea.

Hau ez da bi herrietako ordezkariak gai honen gainean berba egiteko elkartu diren lehen aldia. Orain dela 25 urte inguru egin zuten saiakera baina asmoak ez zuen aurrera egin.

Abesbatzak

Pentsatutako ekintzen artean lehenengoa abesbatzen arteko elkartrukea izango litzateke eta hauek bi herrietako jai nagusietan egitea ikusi dute egokien.

Beraz, Lizarrako jaietako lehen egunean, egubakoitzean, Antzuolako abesbatzak Lizarrako Puyko elizan abestuko luke bertako Ereintza abesbatzarekin. Alfonso Ugartek berak konposatutako salbea abestuko lukete elkarrekin.

Organo jotzailea izanik, erlijio musika konposatu zuen batez ere, eta salbea da aipagarrienetariko bat. Antzuolan 2001eko jaietan berreskuratu zuten salbe hau, baina Lizarran oso ezaguna eta maitatua da.

Bestalde, Fernando Lete gaita joleekin jarri da harremanetan bi herrietakoek elkarlanean zerbait egin dezaten.

Beka eta erakusketa

Musika ekitaldiez gain, aurreikusi dute Alfonso Ugarteren bizitzaren gaineko ikerketa beka bat abian jartzea; eta materiala jasotzea musikariaren gaineko erakusketa ipintzeko.

Jardun horietaz gain, baliteke aurrerantzean Lizarra eta Antzuola senidetzea. Honela bi herrien arteko harremanak sendotu daitezkeela uste du Lizarrako Kultura zinegotzi Jaime Garinek.

Alfonso Ugarte(1879-1937)

Antzuolan jaio zen Alfonso Ugarte eta 10 urte zituela osaba organo jotzailearekin hasi zen musika ikasten. Bergaran eta Donostian ikasketak osatuta Organo jotzaile oposaketetara aurkeztu eta Lizarran lortu zuen postua. Bertan ezkondu eta han egin zuen bizimodua.

1920an Udal Musika Banda sortu eta zuzendari jardun zuen; baita musika irakasle lanetan ere.

Batik bat erlijio musika konposatu zuen. Salbeaz gain, Nafarroako Xabier Deunaren himnoa eta Puy Amabirjinarena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak