Antzuolako jubilatuek Mizpirualde egoitza bisitatzen dute astero

Eneida Iturbe 2003ko abe. 3a, 10:19
Antzuolako jubilatuek ekintza kulturalak burutzeaz gain sozialagoak ere egiteko beharra ikusi zuten duela bi urte inguru. Ordutik, Bergarako Mizpirualde egoitza bisitatzen dute astelehenero, han daudenei arratsaldeak atseginagoak egiteko asmoarekin.

Astelehen arratsaldeak bereziak izaten dira Bergarako Mizpirualde egoitzan; hango bizilagunak kantuan egiteko biltzen dira, eta, gainera, Antzuolako erretiratuen bisita jasotzen dute. Antzuolako lau edo bost lagun joaten dira egoitzara. Han dauden herritarrak bisitatzen dituzte lehenengo, eta, ondoren, normalean bisita gehiegi jasotzen ez dituzten bizilagunekin pasatzen dute arratsaldea, pasioan eta berriketan.

Bi urte inguru daramatzate jubilatuek astero Mizpirualdera joaten. Ekimen hau Jubilatuen batzordean sortu zen. Asintxio Azkarate batzordeko lehendakariak azaldu duenez, ekintza kulturalak antolatzeaz gain sozialagoak ere egiteko beharra ikusi zuten. Antzuolako gizarte-laguntzailearekin hitz egin zuten eta honek Mizpirualden borondatezko lana egitea proposatu zien.

Hala, hogeita hamahiru lagun elkartu ziren eta txandatan joaten dira Mizpirualdera, lau edo bost lagun astean. Astelehenetan, arratsaldeko 17:00etatik 18:30ak arte izaten dira han.

"Burua egoera tristetik aldentzen laguntzeko"

Hara heldutakoan lehen lana gizarte-laguntzailearekin hitz egitea izaten da. Honek esaten die nork duen bisita jasotzeko beharra. Eurekin igarotzen dute arratsaldea, Juanita Zabalok esan bezala, “burua egoera tristetik aldentzen laguntzeko”.

Mizpirualden dauden antzuolarrak ere bisitatzen dituzte, noski. Hauek gustura hartzen dituzte herritarrak. Horren adibide da Facunda Laskurain. Pasa den astelehenean irribarretsu hartu zituen gelara joan zitzaizkion lau lagunak, eta kontu-kontari ibili ziren.

Boluntarioak baino gehiago

Juanita Zabalok azaldu digunez boluntario izatea eta boluntariotza ez dira gauza bera. Boluntariotzak borondatea baino gehiago eskatzen du; ikasten eta birziklatzen joatea, hain zuzen ere. Boluntariotza egiten duten antzuolar hauek meritua behintzat ez dute falta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak