Zubirako eskaintza zabala prestatu dute Turismo bulegoek

Mireia Bikuña 2011ko abenduaren 5a

Urteko azken zubia badator. Abenduko zubiak turista asko ekarriko ditu gurera. Hori horrela, Debagoieneko turismo bulegoak, museoak eta erakusketa gelak gertu daude ongietorria egiteko.

Hilaren 11ra arte eskaintza zabala prestatu dute. Hurrengo astean jaiegun asko daude, eta horrek aukera ematen du zubia antolatzeko. Hori kontuan hartuta, zortzi eguneko eskaintza prestatu dute turismo eragile guztiek. 

Askotariko bisita gidatuak

Bost turismo bulego daude Debagoienean (Bergaran, Oñatin, Arantzazun, Eskoriatzan eta Leintz Gatzagan), eta guztiek eskainiko dituzte bisita gidatu bereziak. Guztiek zabalduko dituzte ateak bihartik hilaren 11ra arte, Eskoriatzakoak izan ezik; hori hilaren 5etik 7ra zabalduko dute. Informazio gehiago www.turismodebagoiena.com atarian dago.

Bestalde, turismo bulego horietatik, askotariko bisita gidatuak egingo dituzte ia egunero: Bergarako erdigunea, Eskoriatzako erdigunea, Oñatiko harribitxiak, Arantzazuko santutegia, gatz museoa, Arrikrutz kobak eta Arantzazuko parketxea ezagutzeko bisitak, hain zuzen ere.

Gainera, Elgetako Intxortako ibilbide tematikoak ezagutzeko irteera bi egingo dituzte: hilaren 4an eta 18an. Izena aldez aurretik eman behar da derrigorrez (943 79 64 63).

Jardunaldi gastronomikoak

Bisita turistikoez gain, baina, beste eskaintza batzuk ere baditu Debagoieneko Mankomunitateko Turismo Sailak. Arrasaten paintball (www.arrasatepaintball.com) eta segway ibilbideak (www.en-medio.com) egiteko aukera izango dute turistek.

Azkenik, Debagoieneko IX. jardunaldi gastronomikoen barruan, bisita gidatu bereziak egingo dituzte: Gomiztegi baserria eta artzain txakurren erakustaldia delako bisita egingo dute hilaren 4an eta 11n eta Iturriko gatza mahaian gozo delakoa gainerako egunetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak