'Kulturrizketak' saioari Rikardo Arregi saria

Monika Belastegi 2017ko uzt. 8a, 13:33

Goiena Komunikazio Taldeak ekoiztutako Kulturrizketak elkarrizketa saioak jaso du Andoaingo Udalak deitutako Rikardo Arregi kazetaritza saria. Iñigo Astizen eta Maite Mutuberriaren Kixotenean erreportaje bildumak epaimahaiaren sari berezia jaso du; eta Ortzadar gehigarriak eta Eguna egunkariak, aipamen berezia. Sari banaketa ekitaldia zapatuan egin zen Andoaingo Bastero kultur gunean. Oihane Agirre Goiena telebistako zuzendaria Hemen Debagoiena saioan izango da gaur, astelehena. Eguaztenean, saio berezia eskainiko da, 21:30ean hasita.

Kulturrizketak saioa egin duen lantaldea igo zen zapatuan saria jasotzera: Oihane Agirre, Goiena telebistako zuzendaria, eta Txomin Madina, Monika Montero, Andoni Bodes eta Mikel Ezkerro.

29. aldia izan da eta epaimahaian honako hauek izan dira: mahaiburua, Ainara Rodriguez, Andoaingo Euskara zinegotzia; mahaikideak, Goio Arana, Maria Gonzalez Gorosarri, Goizalde Landabaso eta Xabier Landabidea;  eta idazkaria, Patxi Baztarrika.

Saio modernoa eta balio handikoa

Epaimahaiaren esanetan, "Europako edozein telebistak izan lezakeen saio modernoa da" Goiena telebistak egindako saioa. Eta gehitzen du: "Bizi garen garai bizkorretan pausaldia egiteko aukera ematen du modu atsegin eta entretenigarrian, eta, aldi berean, arinkeriatik urrun. Ikus-entzulea berehala harrapatzen du elkarrizketak, solasean ari direnak zeinahi izan. Bestetik, saioak ez du adin edota sexu bereizketarik egiten, ondo orekatuta dago edozeinek abaro egin dezan bertan. Saioa borobila da, hasieratik amaieraraino. XXI. mendeko telebista profesional eta moderno batek izan beharko lituzkeen elementuak ditu Kulturrizketak saioak".

Formari dagokionez, balio handiko saioa dela uste dute: "Oso erraz jarraitzen da, oso xamur korritzen du elkarrizketak, baina, emaitza hori izan dadin, atzetik, edo aldez aurretik, gidoigintza eta edizio lan handia dago eginda. Eszenategiaren erabilera modernoa ere aipagarria da. Azken emaitza, bistan denez, magikoa da".

Kontrastera jartzen diren ikuspegien kasuan, "aldi berean kontrajarriak eta osagarriak" direla uste dute. Hori horrela: "Aldi berean, freskoa eta serioa da saioa, gai sakonak modu errazean entzun eta jarraitzeko eran eskaintzen dituen saioa baita. Apaltasunetik eta harrokeriarik gabe egindako saio profesionala da oso Kulturrizketak. Gaurkotasun betea duten gaiak aztertzen dira, nahiz eta agenda komertzialetik kanpo dauden gaiak izan. Izan ere, dena ez da agenda komertziala, agenda komertzialetik kanpo ere mundu oso bat baitago gaur egungoa dena. Hori guztia ikusarazten eta aztertzen asmatu du Kulturrizketak saioak.
Laburbilduz, Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak "euskarazko kazetaritzan sustatu nahi dituen balioak erabat betetzen ditu" Kulturrizketak saioak, epaimahaiaren ustez; hots, "kalitatea, garaian garaiko beharrizanetara egokitua izatea, modernotasuna, bikaintasuna, berrikuntza eta eredugarritasuna".

Kultur mina sortzen

Kulturrizketak saioa egin duen lantalde guztia igo da saria jasotzera, eta Ohiane Agirrek hartu du hitza Kulturrizketak-i emandako saria eskertzeko. "Gertuko zein kalitatezko eduki askoren artean, kultura edukia dugu maite. Goienaren egitekotzat dugu kultur mina sortzea" adierazi du; baita Goienako kazetariak baliabide mugatuei imaginazioarekin aurre egitera daudela ohituta: "Fabrika zahar batera elektrizitate kablea eraman eta bi eserleku eta atrezzo txiki batekin espazioa berpiztera. Tamalez, irautea bera da kazetaritzaren DNA bihurtu izana bizi dugu zainetan. oraingoan, aldiz, parentesia egingo dugu eskuetan Rikardo Arregi saria hartuta, edo bestela esanda, gertu onari iletik helduko gatzaizkio". Epaimahaiari, antolakuntzari eta Andoaingo Udalari eskerrak eman dizkie, eta erreferentzia ere egin die saioan parte hartu duten sortzaileei: "Kulturrizketetan parte hartu ez dutenak gogoan ditugu hurrengo denboraldirako, eta baita, noski, denboraldi honetan gure deiari baietzarekin erantzun dioten emakume eta gizon saridunak".

Txomin Madinak, bere aldetik,  saioak Rikardo Arregi saria jaso izanari buruz Harkaitz Canok idatzitako testu bat irakurri. Bertan, besteak beste, Goienaren ekimena goraipatzeaz gain, Kulturrizketak bezalako saioen beharra azpimarratzen du Canok: " Kulturgileak kulturgileekin hizketan jartzea ideia sinplea begitanduko zaio norbaiti agian, baina hori bezalako oasi gozagarrien premia inoiz baino handiagoa delakoan nago. Izatekotan, hobe delako oasi izan, basamortuaren erdiko ispilukeria baino. Gure zeregina herrigintza zela uste izan dugu luzaro, baina akaso oker geunden: beharbada, oasigintza besterik ez da".

Epaimahaiaren sari berezia, 'Kixotenean' erreportaje bildumari

Goiena, ordea, ez da izan saridun bakarra. Epaimahaiaren sari berezia Iñigo Astiz kazetariak eta Maite Mutuberria ilustratzaileak jaso dute Kixotenean erreportaje liburuagatik. Miguel Cervantesen heriotzaren laugarren mendeurrena zela eta Berria-rako erreportaje sorta moduan hasi zuen bere ibilbidea liburuak, eta ondoren argitaratu zuen bilduma osatua Elkarrek. Literatura, kazetaritza eta ilustrazioak uztartu izana azpimarratu du epaimahaiak, eta proiektua "sorkuntza paregabea" dela gaineratu, "irakurterraza eta era berean oso goi-mailakoa". Astizek idazkuntzarako duen abilezia nabarmendu dute, eta baita Mutuberriaren ilustrazioak ere.

Astizek eskerrak eman dizkie Berriari eta Elkar argitaletxea proiektu ''zoro'' horretan sinistu izanagatik, eta erakundeek eta eragileek euskal kulturaren etorkizunari buruzko hitzarmen bat adostea ere aldarrikatu du.  Maite Mutuberriak, bere aldetik, aipatu du jolas moduan hartu zuela erreportajeetarako ilustrazioak egiteko lana, eta ikusten dela, askotan, helburu handirik gabe egindako lanek sorpresa "politak" dakartzatela.

Bi aipamen berezi: 'Ortzadar' eta 'Eguna'

Epaimahaiak, bestalde, bi aipamen berezi ere egin ditu. Noticias taldeak argitaratzen duen Ortzadar gehigarriari izan da bata, 20 urte bete dituelako. Mikel Mujikak hartu du saria. Bigarren aipamen berezia Eguna euskarazko lehen egunkariari egin diote,  80 urte bete dira-eta haren sorreraz. Bizkaiko Foru Aldundiko Liburutegiari eman diote diploma, berau delako Eguna-ren bilduma osoa duen erakunde bakarra, eta Bizkaiko Kultura diputatu Lorea Bilbaok hartu du.

Kazetari Berria saria, bestalde, hutsik uztea erabaki du epaimahaiak, azaldu dutenez lan gutxi jaso direlako eta jasotakoek ez zutelako saria eroateko beste maila.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak