Harkaitz Canoren artikulua: 'Oasigintza'

Goiena 2017ko uzt. 10a, 13:56

Manu Muniategiandikoetxea eta Hakaitz Cano, 'Kulturrizketak' saioan solasean.

Kulturrizketak saioari Rikardo Arregi saria eman diotela-eta, Harkaitz Canok, Kulturrizketak saioan parte hartu zuen kulturgileetako batek, idatzitako testua duzue honakoa.

Oasigintza

Euskal kultura eta kazetaritza ez daude beren onenean. Ez daude beren onenean gizartean eragiteko duten ahalmenari dagokionez, ez eta beren lana modu ahalik eta profesionalenean ematen saiatzen diren sortzaile eta kazetariei diegun begiramenari erreparatuta ere. Eta euskal kultura eta kazetaritza beren onenean ez badaude, are okerragoa da agian "kultur kazetaritzaren" egoera.

Rigorea eta hausnarketa boladaz pasata daudela dirudi, aspergarria zaigu betazal baten kliskadan kontsumi ezin daitekeen iritzia, kritika edo polemika. Entretenimenduaren gizartean bizi gara. Entre-tenituta. Latinezko inter horri dagokion entre horretan, beraz: bi puntu edo bi uneren artean esekita. Soilik, bi puntu edo une horiek ez direla puntu jakinak, "puntu ezjakinak" baizik, indeterminatuak. Entretenimendua zentralizatu egin da, eta bitarteko izateari utzi gabe, helburu bihurtu da. Zer diren eta non eta noiz dauden ez dakigun bi puntu horien arteko "inter" mugagabean bizi gara, honenbestez. Geure eguneroko informazio "kuota" eta kultur "dosia" modu delegatuan administra dakigun uzten dugu, otzan eta zintzo, edo, are okerrago dena, axolagabe.

Azkarra eta iragankorra da albistea, asteko liburua, sasoiko kantua. Eta ia beti algoritmo urrun baten orakuluak preskribatua. Ez du ematen sobera inporta zaigunik. Eszeptizismoan irabazi duguna, ez dugu malezian irabazi. Ohartuta edo gabe, azpikontratatu egin dugu geure garunaren zati bat. Horregatik pizten du esperantza Kulturrizketak bezalako saio baten existentziak berak, sortzaileak euren kezkak aletzen entzuteak, pospolo baten iraupena gainditzen duen neurriaren patxadan.

Gozamena eta ohorea izan zen niretzat Manu Muniategiandikoetxearekin solasaldia partekatzea. Goiena Komunikazio Taldeak ulertu duela dirudi: beste inork konpetentziarik egin ez diezagukeen arloetan behar dugu sendotu. Geuri, euskaldungo aktiboari beste inori axola ez zaizkigun arloetan. Hor, onenak izan gaitezke. Besteak beste, ez daukagulako konpetentziarik; guri bakarrik interesatzen zaigulako gure ekosistema. Interesatzen al zaigu benetan, ordea? Ala interesatzen zaigula esaten dugu soilik?

Joka dezagun esentzialismorik gabe, baina garena balioetsiz; kanpoan egiten denarekiko iragazkortasunez, baina homologazioa kanpoan bilatu gabe. Euskal kultura ezagutu, ezagutarazi, prestigiatu, sustatu, eta gainera, ahal balitz, audientzia lortzea behar luke izan gure telebista publikoaren zeregin nagusia. Tamalez ez da horrela, eta harrobikoek etorri behar izan dute dinosauroen gabeziak estaltzera. Euskal kultura ezagutu, ezagutarazi, prestigiatu, sustatu, eta gainera, audientzia lortzera. Hori da hurrenkera, eta ez beste bat. Lehenbizi zeure kultur ekosistema ezagutu, gero ezagutarazi eta sustatu, eta azkenik, publiko ahalik eta zabalena lortu. Ezagutu ezean ez dagoelako maitatzerik, eta gauza tristea litzatekeelako maitatzen ez dena zabaltzen ibiltzea.

Gure arazoa, sarritan aipatzen da eta ados nago horretan, ez da ekoizpena, ikusgarritasuna baizik. Entzungarritasuna. Ez da kultur faktoria huts egiten duena, banaketa eta hedapen sarea baizik. Altaboza. Turismoari diogu, nonbait, fedea. Baina ez atzizki gastronomikorik gabeko kulturari.

Kulturgileak kulturgileekin hizketan jartzea ideia sinplea begitanduko zaio norbaiti agian, baina hori bezalako oasi gozagarrien premia inoiz baino handiagoa delakoan nago. Izatekotan, hobe delako oasi izan, basamortuaren erdiko ispilukeria baino.

Gure zeregina herrigintza zela uste izan dugu luzaro, baina akaso oker geunden: beharbada, oasigintza besterik ez da.

Harkaitz Cano (2017ko ekainak 29)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak