Kulturrizketak saioari Rikardo Arregi kazetaritza saria

goiena.eus

Oihane Agirre: "Egindako lanaren isla da saria"

  Euskara  Debagoiena

Goiena telebistaren arduradun nagusi Oihane Agirrek orain arte egindako lanaren isla dela Rikardo Arregi saria uste du. Produkzioak lanketa berezia eskatu duela adierazi du, "saioak egoki funtzionatu zezan garrantzitsua zen-eta solaskideak ondo aukeratzea".

Azken denboraldiko lantaldea produkzio eta gidoilari lanak egin dituen Txomin Madinak eta alderdi teknikoaz zein postprodukzioaz arduratu diren Monika Monterok, Jagoba Domingok, Andoni Bodesek eta Mikel Ezkerrok osatu dute.

Oihane Agirreren esanetan, produkzioak lanketa berezia eskatu du, saioak egoki funtzionatu zezan garrantzitsua zen-eta solaskideak ondo aukeratzea. Agenda kontuek eta grabazioa Arrasaten izateak ez dituzte gauzak erraztu. "Argi geneukan askotariko diziplinatako sortzaileak nahi genituela, baita ibarrekoak ere, eta genero aldetik orekatua izan behar zuela. Ez da lan erraza izan ezaugarri guztiak uztartu eta bikoteak ordu eta leku berean elkartzea, baina eskertzekoa da solaskideek agertutako prestutasuna eta baita ausardia ere. Badira parte hartzeko prest egon arren agenda arazoengatik ezin izan dutenak ere, eta horiek erakutsitako borondatea ere eskertu gurako genuke", dio Txomin Madinak.

Hitz egiteko askatasun osoa eman arren, elkarrizketatzaile barik aritzeak ekar zitzakeen arazoei aurre egiteko, hainbat gai edo puntu jasotzen zituen gidoi bat eman zitzaien solaskide guztiei, baina, Madinak dioen moduan, gehienek ez diote kasu handirik egin: "Eta hobeto horrela, elkarrizketak freskoagoak izan direlako, eta, akaso, bestela esango ez lituzketenak esan dituztelako".

Hona hemen aurrez aurre izan diren hogei solaskideak:

Programaren aurrekariak 2014koak

Rikardo Arregi Kazetaritza Saria Kulturrizketak saioaren 2017ko denboraldiak irabazi duen arren, 2014koak dira programaren aurrekariak. Goiena telebista Durangoko Azokako Azoka Telebistaren kudeatzailea izanda, berau elikatzeko sortu zen saioa, hasieran Larraitz Zeberiok gidatutako ohiko telebistako elkarrizketa saioa zena.

Elkarrizketatzaile gabeko formatura 2015ean egin zen jauzi, Asier Altuna eta Aitor Arregi zinegile debagoiendarrak parez pare jarrita. "Ez da guk asmatu dugun formatua, publizitatean-eta ikusi izan dugu aurretik. Baina lortu nahi genuen saio motarako aproposa ikusten genuen, eta lehenengo saio harekin ikusi genuen, solaskideetan asmatuz gero eta eroso sentiaraziz gero, elkarrizketa oso naturalak sortu zitezkeela" dio Goiena telebistako zuzendari Oihane Agirrek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa