Pake Lekuko Ikusi Makusi taldeak lan berria estreinatu du asteburuan: Ospitaleko gorabeherak. Bi emanaldi egin dituzte osotara; lehena egubakoitzean, Pake Lekuko bazkideen aurrean, bigarrena berriz zapatuan, herritar guztiei irekita. Egun batean zein bestean hainbat herriytar bertaratu dira Santa Ana antzokira.
Taldeko kide Arrate Kortabarriak azaldu duenez, pozik daude lanak izan duen harrerarekin: "Gustora gelditu ginen. Egubakoitzean bazkideeentzat egin genuen eta azpiko zati guztia bete zen. Atzo, publiko orokorrarentzat egin genuen eta horrelakoetan ez da jakiten zenbat jende etorriko den. Amaitutakoan, azpiko zati guztia beteta zegoela ikustea guretzat poztasun handia izan zen".
Umorea, oinarrizko ezaugarri
Justo pertsonaiaren istorioa kontatzen du lanak. Apendizitiz ebakuntza egitera joan da, baina, bertan bestelako ebakuntza bat egiten diote, eta horrek korapilatzen du Justoren egonaldia, ospitaleratzea kontu erabat komiko bilakatuz. Umore tonu hori ez da kasualitatea, izan ere, Kortabarriak azaldu duenez, jendea dibertitzea da taldearen helburua: "Asko betetzen gaitu jendearen barreak entzuteak, hori da eta gure helburua. Duela 24-25 urte sortu zen Ikusi Makusi taldea, eta egun beterano diren partaideek beti esan digute helburua jendeari ondo pasaraztea dela. Horregatik, komediak egiten ditugu, ez dugu inoiz dramarik egin".
Oholtza azpian barreak eragin arren, oholtza gainean urduritasun puntu bat egoten dela abarmendu du Ikusi Makusiko kideak, nahiz eta, honentzat beharrezkoa den elementu bat izan: "Oñati abesbatzan ere ibiltzen naiz, eta bertan esan izan da emanaldietara ipurdia estututa joan behar dela. Hori egia delakoan nago, eta ipurdia estututa joan behar da. Batzuk urduritasun handiagoa izaten dute, beste batzuek txikiagoa, baina puntu hori izatea beharrezkoa da, tentsio puntu hori mantentzeko. Erabat lasai joatea ez dakit ona den, niri behintzat ez dit laguntzen".
Emanaldi gehiago
lana asteburuan estreinatu duten arren, hurrengo emanaldietarako prestatzen dabiltza taldeko kideak. Abenduaren 18an Ordizian izango dira, erretiratuen etxean. Otsailean berriz bi emanaldi dituzte aurreikusita, bata Eskoriatzan izango da eta bestea Oñatin, Hotz Oñati taldeari laguntzeko.