Kepa Dieguez hizkuntzalari bilbotarrak eta Roberto Altuna euskara irakasle oñatiarrak urte luzez egositako lanak argia ikusi du azkenean, eta Oñatiko zinema aretoan aurkeztu dute Oñatiko gida meteorologikoa eta astronomikoa liburua. Ramon Bustamante kazetariak gidatu du aurkezpena, eta Oñatiko Udaleko kultura zinegotzi Iñaki Olaldek ere hartu du parte.

Gisa honetako lehenengoa munduan
Eguraldiari erreferentzia egiteko erabiltzen diren hitz, atsotitz zein esamoldeak jasotzen ditu liburuak, eta Dieguezek azaldu duenez, asmo didaktiko bat du lanak: "Izena garbia dela esango nuke. Gida bat da, asmo didaktikoa daukana". Liburuak badu berezitasun bat, izan ere, udalerri baten lexikoa jasotzen duen lehen liburua dela uste dute egileek. "Orokorra izan beharrean herri batekoa da. Uste dugu ez dagoela horrelako besterik, Oñatiri suertatu zaio horrelako gida bat", adierazi dio bilbotarrak GOIENAri.
Aurkezpenean aipatutakoaren arabera, badira gisa honetako liburu gehiago munduan zehar, baina, fokua udalerri batean jarri beharrean gune zabalagoetan jartzen dute, esaterako, Eskoziako Lur Garaietan. Horrek, mugarri bilakatzen du Dieguez eta Altunaren liburua.
Denborarekin mamitzen joan den lana
Altunak azaldu duenez, liburua egitearen ideia "ez da hutsetik sortu, aspaldiko kontua da". Hizkuntzalari bilbotarraren aurretiazko lanak izan dira liburuaren abiapuntu, izan ere, Euskal lexiko etnometeorologikoaren azterketa izenburuko tesi doktorala aurkeztu zuen 2021ean, eta 2023an Eguraldiaren euskara. Aro-bidaia Euskal Herrian barrena saiakera nobelatua argitaratu zuen, non eguraldiaren inguruko 1.000 hitz inguru jasotzen dituen, Euskal Herriko 96 herritarren eta adituen ahotik. "Hortik etorri zitzaion ideia, gure herriak lexiko aberatsa duenez, gure herrirako propio egindako liburu bat egin zitekeela. Hortik abiatu zen guztia, asmo horretatik. Denborarekin asmo hori mamitzen eta sendotzen joan da", nabarmendu du Altunak.

Dieguezek Oñatiko lexikoaren aberastasuna nabarmendu du aurkezpenean, eta aurrez egindako lan guzti horri esker hitz gehienak ezagutzen zituela gaineratu du. "Lehendik bagenekien berba mordoa zegoela eguraldiaren inguruan. Aztertuak genituen Azkueren hiztegia, Izagirreren lexikoia eta Robertok zein Koldok egindako lanak. Jakin bagenekien, baina, informazio guztia sakabanatuta geneukan, eta asmoa guztia liburu batean biltzea izan da". Herritarrak harritzeko moduko hitz eta esamoldeak daudela ere azaldu du: "Egia da hitz mordoa daudela, atsotitzak eta esamoldeak ere bai. Harritzeko modukoa dela uste dugu".
Oñatiarrak, herritarrentzat politak izango diren hainbat esamolde daudela azpimarratu du, eta bat nabarmendu nahi izan du: Apirilaren azkenian, orrixa aizgaiñian. "Hori Oñatikoa da, eta oso polita da erreferentzia egiten diolako gure Aloña mandiari eta udazkenaren etorrerari". Liburuaren azalean ere ageri da barruko lexikoaren lagin txiki bat, izan ere Bazen behin eramaittu bat... esaldi hasiera irakur daiteke. Honek, ipuinen hasierei egiten die erreferentzia, euri edo elur-jasa handiei aipamena eginaz.

Liburua eskuratzeko hainbat modu
Aurkezpenean bertan salgai izan zen liburua, baina, bertaratu ez direnek ere izango dute hau eskuratzeko aukera. Oñatiarrek, herrian bertan eskuratu ahal izango dute liburua, zehazki, Altuna estankoan, Txokolateixan, Haritza liburudendan eta Arantzazuko dendan. Negozio hauetan, liburua 25 eurotan erosi ahalko da.
Oñatitik kanpo ere izango da liburua eskuratzeko aukera. Durangoko Azokan postua izango dute egileek, eta Iruñeko Karrikiri Elkartearen atarian ere salgai jarriko dute.