AENOR-en ziurtagiria lortu du Oñatiko Turismo Bulegoak

Oihana Elorza Gorostiza

Oñatiko Turismo Bulegoaren sarrera.

AENOR-en Turismo Enpresa Adimenduaren Ziurtagiria lortu du Oñatiko Turismo Bulegoak, turismo kudeaketan berrikuntzaren, digitalizazioaren, irisgarritasunaren eta jasangarritasunaren alde egindako lanagatik.

Kalitateari lotutako beste aitortza bat jaso du Oñatiko Turismo Bulegoak. Turismo Enpresa Adimenduaren Ziurtagiria da oraingoa, AENOR-ek emandakoa. Turismo kudeaketan berrikuntzaren, digitalizazioaren, irisgarritasunaren eta jasangarritasunaren alde egindako lana aitortzen du agiri honek, udaleko turismo departamenduak jakitera eman duenez. Ziurtagiria, Basquetourrek, Turismoaren Euskal Agentziak, Euskadiko turismo sektorearen lehiakortasuna eta modernizazioa sustatzeko bultzatutako programaren baitan kokatzen da.

Turismo Enpresa Adimendunaren helburuak dira kudeaketa hobetzea, teknologia berriak txertatzea eta bisitariei esperientzia hobea eskaintzea, eta Oñatiko Turismo Bulegoarentzat aitortza hau urrats garrantzitsua da turismo zerbitzuen etengabeko hobekuntzan eta Debagoiena-Oñati Helmuga Turistiko Adimendunaren garapenean. 

Kalitatearen ziurtagiria duela 20 urtetatik 

Oñatiko Turismo Bulegoak 2006ko abenduaren 14an jaso zuen lehen aldiz Q Kalitate Turistikoaren ziurtagiria, Euskal Turismoaren XII. Galan, Ficoban. Aurten, beraz, 20 urte bete ditu turismo-zerbitzuen kalitatea eta profesionaltasuna bermatzeko bidean. Udaleko turismo departamenduak emandako datua da 2026ko azaroan argitaratutako erregistroaren arabera, Euskadin 31 establezimendu eta zerbitzu turistiko daudela ziurtagiri horrekin eta horietatik hamahiru turismo informazioko bulegoak direla. "Orain, Turismo Enpresa Adimendunaren ziurtagiria eskuratuta, Oñatiko Turismo Bulegoak beste urrats bat eman du kalitatearen, berrikuntzaren eta etengabeko hobekuntzaren aldeko ibilbidean".

Bisitak, arreta eta informazioa

Herrigune historikoa, Sancti Spiritus Unibertsitatea, Arantzazuko Santutegia, Arrikrutz kobak, Txokolateixia
eta ingurune naturala dira Oñatinko erakargarri turistiko nagusietako batzuk. Horien berri emateaz gain edo bisitak egiteaz gain, "bisitariei eskainitako arreta eta informazio turistikoaren kalitatea ere funtsezkoak dira helmugaren garapenean eta horregatik, Oñatiko Turismo Bulegoak zerbitzuak hobetzen jarraitzen du, tresna digital berriak txertatuz eta informazio turistikoa eskuragarriago eginez". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak