Prebentzioko trafiko-kontrolak ari da egiten Udaltzaingoa egunotan

Oihana Elorza Gorostiza

Kontrola kiroldegi ondoko biribilgunean (Argazkia: Oñatiko Udaltzaingoa).

Ibilgailuen ezaugarri teknikoak –gurpilen egoera, esaterako– eta dokumentazioa aztertzen dituzte.

Ibilgailuen ezaugarri teknikoak ondo dauden eta gidariek dokumentazioa egunean eta aldean duten jakiteko prebentzio-kontrolak egin ditu Udaltzaingoak egunotan. Horien helburua "arriskuak saihestea" dela esan du Udaltzaingoak, "ez isunak jartzea". Dio Oñatiko ibilgailuak eta gidariak modu egokian ego- tea dela kontrol horien helburua, egon daitezkeen arriskuak saihestearekin batera, "herri barruan zein herritik kanpo".

Ohartarazpen-mezuak

Hainbat kontrol-mota jartzen ditu Oñatiko Udaltzaingoak urtean zehar. Oraingo hau, neguari eta eguraldi txarrari begira, ibilgailuen ezaugarri teknikoek egon behar duten moduan dauden ikusteko dela azaldu dute udaltzainek, eta kontrara, zuzendu beharreko horren gaineko ohartarazpena egiteko. Esaterako, ibilgailuaren gurpilei begiratzen diete, eta, aldatu beharra dutela ikusiz gero, horixe egin behar dutela esaten diete gidariei. Udaltzainen esanetan, ibilgailu batzuetako gurpilak gastatuta egon daitezke, gurpil-arteka (marrazkia) ikusten ez dela, eta beste batzuetan, berriz, pneumatikoak berri itxura izan bai baina bere funtzioak iraungita izan ditzake, autoa gutxi erabili delako, eta dagoeneko ez da behar bezala "lotzen" errepidera.

Horrekin batera, ibilgailuak azterketa teknikoa garaiz pasata duen ere zaintzen dute udaltzainek horrelako kontroletan. Diote gidari asko abisua noiz jasoko zain egoten direla eta epe barruan pasa barik izaten dutela, iraungita. IAT iraungita edukitzea arau-hauste larria da, eta 200 eurokoa da isuna. Ohartarazpena eginda, eta akatsa zuzentzeko epe bat utzita, egun gutxiren barruan Udaltzaingora joan izan dira gidariak azterketa pasatzeko txanda hartuta dutela, pasa dutela edo gidabaimena eguneratu dutela erakustera. Gaineratu dute kasu gehienetan igarri egiten dutela gidaria "despistatua" den edo beste arrazoi batzuengatik dituen epeak iraungita: "Seguruen kontua, adibidez, ezberdina da; kasu horretan, normalean, ez da nahastea izaten arrazoia".

Isunen tramitazioa

Era beran, baina, Udaltzaingoak argi utzi gura izan du helburu nagusia kontzientzia lana izan arren, isunak ere tramitatzen dituela. Gainera, azpimarratu dute kasuan kasuko bide segurtasunaren aurkako delituen argiketekin loturiko izapideak ere ari direla egiten, hala nola alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzearekin lotutakoak. Hala, herritarrei eskatzen diete Gabonetako ospakizunetan "ibilgailuaren gidaritzan daukagun arduraz kontzientzia har" dezatela.

"Helburu nagusia arrisku uneak gutxitzea eta ezbeharrak saihestea da"

Bestalde, gidariak dokumentazioa aldean eta eguneratuta eraman ez ezik, ezagutu ere egin behar duela diote udaltzainek. Hau da, jakin behar duela gidabaimena edo zirkulazio-baimena bereizten eta bakoitzari dagokion agiria zein den, eta hori ere azaltzen diete gidariei herri barruko kontrol horietan.

Abenduan ere bai

Horrelako prebentzio –edo ohartarazpen– kontrol gehiago ere egiten ditu Udaltzaingoak urtean zehar; tartean, segurtasun-uhalen erabilera gogorarazteko, adin txikikoen aulkiak behar bezala jarrita dauden ikusteko eta mugikorren erabilera debekatuta dagoela esateko. Azken kasu horretan, gidatzen den bitartean mugikorra eskuetan ezin dela erabili errepikatu dute –sei puntu–, ezta euskarri finko batean dagoela teklatuan ibili ere –hiru puntu–. "Gure helburua arrisku-uneak gutxitzea eta ezbeharrak saihestea da".

Kontrol horiek hainbat sasoitan eta herriko puntu batzuetan jartzen ditu Udaltzaingoak, aliritzira; Bidaurretan, Casablankan, Errekalden edo Udaltzaingoaren ondoko biribilgunean, esaterako. Abenduan ere egingo dituzte gehiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak