Etxean, Zubikoako kantxan, jokatuko du, zapatuan, 18:00etan, Biotz Aloña Mendi saskibaloi taldeak, eta, aurrekoetan moduan, partidua irabaztea izango da helburua. Lortuz gero, ondo ospatuko dute garaipena taldekideek, etxean irabazitako liga denboraldiko lehen partidua izango da eta.
Kanpoan, etxean baino hobeto
Aitor Ugarte entrenatzaileak adierazi duenez, kontrakoa gertatu izan zaie beti, baina aurten, kanpoko kantxetan lortutako emaitzak Zubikoan lortutakoak baino hobeak izan dira. "Beti izan gara lehiakorragoak etxean; okerrago ibili izan gara kanpoan, baina aurten ez. Etxetik kanpo irabazitakoak oso partidu onak eginda irabazi ditugu, eta, agian, etxean presio handiagoa sumatu dugu; ez dakit. Egia da, hori bai, eskuetatik kendu dizkigutela etxeko azken bi partiduetako emaitzak, azken momentuan galdu genituela". Hala, zapatuko helburua irabaztea izango da: "Azken finean, partidu onak ari gara egiten erasoan, adibidez; ekipoak badu konfiantza. Aurkariak, baina, gure erritmotik kanpoko taldeak izan dira, eta, agian, ez ginen defentsan behar besteko ondo ibili".
Hasiera gogorra
Egun, hamargarren postuan dago sailkatuta Biotz Aloña Mendi taldea, liderrarengandik –Zornotza– lau puntura. Biharko aurkaria –Barakaldo–, berriz, sailkapeneko azkena da; Oñatiko taldeak baino hiru puntu gutxiago ditu. "Ezagutzen dugu taldea, gurea baino handiagoa da, eta euren jokoari begira ari gara prestatzen, sorpresarik ez hartzeko. Azkenak izanda, irabazteko asmoarekin etorriko dira, baina guk erakutsi behar dugu etxeko lehen garaipena lortu gura dugula, eta hori lortzera kantxaratu behar dugu". Ugartek gaineratu du garaipenak indar berezia izango lukeela taldean: "Bagenekien hasiera zaila izango genuela. Irailean erabaki genuen Euskal Liga honetan jokatzea, aukera azken orduan iritsita, eta talde indartsuen aurka sufritu egingo genuela bagenekien, baina gai izan gara partidu onak jokatzeko, nahiz eta pare bat aldiz garaipenak ihes egin digun. Uste dut talde guztien kontra lehiatzeko moduan dagoela gure taldea. Partiduz partidu lortu behar ditugu emaitzak". Hilaren hasieran, Bergararen kontrako derbia irabazi egin zuten oñatiarrek, eta orduko sentsazioak izan gurako lituzke berriz Ugartek zapatuan.
Zaleen berotasuna
Partiduak ikustera Zubikoara joaten diren zaleak aipatu ditu Ugartek: "Kanpotik etorritako zenbait taldek aitortu digute harrituta gelditu direla kantxan horrenbeste jende ikusita, denak animatzen; berotasun hori asko eskertzen da. Guk ez ezik, eskubaloikoek eta areto futbolekoek ere eskertzen dute. Herritarrek badute ohitura partiduak ikustera etortzeko, eta ederra da hori".