Kontzertu gutxi egin ditu aurten Naia Herraez eta Eider Herraez abeslariek, Iratxe Urzelai baxu-joleak, Xabi Albistegi bateria-joleak eta Asier Igartua eta Xanti Egaña gitarra-joleek osatzen duten Sukena taldeak; geldialdi horretan sortu eta grabatu dute Nondik hasi izena duen bigarren lan luzea.
Gaur, egubakoitza, argitaratu dute, eta CD formatuan eta digitalean dago eskuragarri. Formatu fisikoa sukena.eus atarian eta Durangoko Azokan izango duten standean izango da erosgai, eta plataforma digital guztietan ere entzungai dago.
Bederatzi kantu
Abuztuan grabatu zuten, aurreko lana bezala, Usurbilgo Higain estudioan, Haritz Harreguyrekin. "Oso eroso eta gustura sentitzen gara Haritzekin, elkar ondo ulertzen dugu; hortaz, ez genuen zalantzarik izan. Beste pauso bat eman gura izan dugu, eta Mikel Irazoki ekoizlea izan dugu horretarako bidelagun. Hasieran ez genuen oso argi zer ekarri edo emango zigun ekoizle batekin lan egiteak, eta zalantzak izan genituen, baina erabaki ona izan zela ikusi dugu, oso gustura gaude-eta emaitzarekin. Kanpo begirada oso baliagarria eman digu Mikelek, eta instrumentuei eta, orokorrean, gure soinuari etekin handiagoa ateratzea lortu du", azaldu du baxu-joleak.
Bederatzi kantu dira. "Musika estiloari dagokionez, aurrekoaren bidetik doa, pop-rock estiloa da oinarrian; kantu batzuk azkarragoak edo energia gehiagokoak dira, eta lasaiagoak edo gozoagoak besteak. Beste pauso bat eman dugulakoan gaude; bilduma berria osatuagoa eta helduagoa dela uste dugu", dio Naia Herraezek; eta zera gaineratu du Iratxe Urzelaik: "Hitzak bizipenetatik sortutakoak dira, istorio pertsonalak batzuk eta inguruan ikusten dugunari buruzkoak besteak. Guk idatzitako hitzak dira, baina oso lagungarria izan da Sara Mantxola lagunak emandako laguntza hitz horiei forma egokia edo osatuagoa emateko".
Durangoko Azokan, estreinakoa
"Gogotsu eta indartsu" daude, eta kantu berriak jendaurrean erakusteko ilusioarekin. "Durangoko Azokan egingo dugu aurkezpen-kontzertua, abenduaren 6an, domekan, 19:10etik 19:40ra, Plateruenan. Abenduaren 26an Aske jaialdian izango gara, eta, datorren urtera begira, Debagoieneko Ekinez eta JokinEkin jaialdietan ere izango garela aurreratu dezakegu".
Bideoklipa ikusgai
Maitane Camposekin grabatu dute sareetan ikusgai dagoen Noiz arte kantuaren bideoklipa. "Durangoko hipika-gune batean grabatu genuen; egin dugun bideoklipik profesionalena dela esango genuke. Oso eroso egon ginen, eta pozik gaude emaitzarekin. Oraingoz, ez dugu gehiago grabatzeko asmorik".