"Umorea estrategikoki erabili dut, umoretik kontu pisutsuak kontatzeko"

Aitziber Aranburuzabala Juldain

Fermin Etxegoien idazlea eta kazetaria. Argazkia: Loreto Larumbe.

Pamiela argitaletxearekin plazaratu du Fermin Etxegoienek (Oñati, 1966) Atzerakarga eleberria. Bosgarrena du dagoeneko, eta Oñatiko kultura etxean aurkeztuko du, Goienak antolatuta, abenduaren 1ean, 18:30ean hasita.

Eleberria da, fikzioa, baina kronika garaikidetik gertu dagoena.

Orainaldiari buruz idaztea gustatzen zait; kazetaria ere banaiz, eta gaur egungo kontuen inguruan idazten dut nire liburuetan, jendeak ezagutzen dituen tokietan kokatuta. 

Atzerakarga da izenburua; zer adierazi nahi izan duzu?

Aurrekoetan moduan, errealismo baten bila noa, eta askotariko gaiei begiratuta oraingoan; esaterako: Euskal Herriko euskarazko telebista publikoari, euskarari eta gatazka linguistikoari, gatazka politikoari eta euskal jendarte anitzari, besteak beste. Bada, horiek guztiak batzen dituen guardasola da izenburua, ditugun atzerakarga pertsonalak eta kolektiboak. 

Umorea da zure idazlanetako ezaugarri, baina oraingoan, indar handiagoa eman diozu. 

Hala da; oraingoan, umorea estrategikoki erabili dut, umorearen bitartez kontu pisutsuak aipatu nahi ditudalako.

"Hirugarren pertsonan idatzita dago, baina presentzia handia dute lehen pertsonan idatzitako ahots nagusia den Mikelen hausnarketek eta esanek"

Mikel da ahots nagusia; nor da?

25 urteko Bilboko mutil bat da, bakarrizketa-egilea ofizioz. Ariketa literario erronka moduan erakargarria izan da haren azalean sartuta haren ikuspegitik idaztea. Hirugarren pertsonan idatzita dago, baina presentzia handia dute lehen pertsonan idatzitako Mikelen hausnarketek, bakarrizketa-tarteek eta beste protagonista batzuekin dituen elkarrizketek. 

Zeintzuk eta zelakoak dira beste pertsonaiak?

Esaterako, Mikelen lankideak: Olaia, harrera-familia bateko alaba eta izenik jarri ez diodan bakarrizketa-egile beteranoa. Azken horren ahotik, bakarrizketa-gidoi baten itxuran, komunikabideetako euskararen erabileraren eta bikoizketen gaineko hausnarketak egiteko bidea eman dit. Mikel maitemindu den Lenice trabestia ere hor dago, eta baita Mikelen gurasoak eta aitaren familia-jeltzalea eta Mikelen lagunak ere.

Bilbon kokatuta dago, bereziki.

Mikrogeografia oso gustuko dut, eta, horregatik, gaur egun itxura aldatuta duten auzo edo kaleetan dago kokatuta, baina Bizkaiko eta Nafarroako beste herri batzuetako gertakariak ere badira; Euskal Herria anitza den erakusle.

Adituen esanetan, zure nobela zorrotzena da; zer diozu?

Euskal egoera soziolinguistikoaren eta beste egoera edo gai batzuen gaineko atzera begirako bat da, eta uste dut nekez egin daitekeela atzera begirako hori mahai edo paper gainean kritikotasun hori islatzen duten ideiak bildu barik.

"Bi urte pasako idazketa-prozesua izan da; diziplina handiarekin, egunero idatzita"

Idazketa-prozesuan Josu Goikoetxea izan duzu bidelagun. 

Bai, eta sparring ona izan da; hamabostean behin idatzitakoa bidaltzen nion, eta hori lagungarria izan da askorik ez desbideratzeko edo egin beharreko konponketak liburua idazten ari nintzen bitartean egiteko. Liburua, orokorrean, ez da aurrez pentsatuta egon, asko sinisten dut-eta bat-batekotasunean. Nire kasuan, arkitektura finkoa ezarriz gero, esperientziak esaten dit idazten hasitakoan estruktura horri jarraitzea ez dudala oso gustuko; istorioa bizirik dagoela sentitu beharra dut idazten ari naizenean. Bi urte eta erdiko prozesua izan da, gutxi gorabehera, baina oso serio hartuta, ia egunero, goizero, idazteko tartea hartuta, diziplina handiarekin.

Gustura emaitzarekin?

Bai, baina zaila egiten zait nobela honi buruzko azalpenak ematea orain.

Fermin Etxegoien eta haren Atzerakarga liburua. Argazkia: Loreto Larumbe.

Goienak antolatuta, herrian egingo duzu aurkezpena; gogotsu?

Noski! Oso eskertuta eta pozik nago, nahiz eta aurkezpenak herrian egitea, ezagunen aurrean, zailagoa egiten zaidan. 

Durangoko Azokan ere aurkeztuko duzu; gustuko tokia? 

Bai, horixe; gauden egoeran beharrezkoa ikusten dut guztiz, eta, udaberrian beste bat egitea posible balitz, askoz hobeto, baina ezin da.

Gaia aldatuz, Ruper Ordorikari buruzko dokumentala egin duzue K2000 ekoiztetxean; zein puntuan dago?

Eginda dago eta datorren urte hasieran aurkeztea da gure asmoa. Ruperrek bere bizitza kontatzen du, protagonista hura da; hortaz, uste dut aukera polita dela Ruper gertutik sentitzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak