Ikusi Makusi taldearen azken antzezlana: 'Ospitaleko gorabeherak'

Mireia Bikuña Madrid

Pake Lekuko Ikusi Makusi taldeak emanaldi bikoitza egingo du azken lana herritarren aurrean erakusteko: Ospitaleko gorabeherak. Egubakoitzean, 18:00etan, Pake Lekuko bazkideendako emanaldia izango da; eta zapatuan, 19:00etan, herritar guztientzat. Biak ala biak Santa Ana antzokia izango dira. Bigarren emanaldirako sarrerak Pake Lekuko tabernan eros daitezke, bost eurotan.

Ikusi Makusik oholtzara eraman dituen antzezlan guztiak Axun Arzuagak idatzi ditu; baita oraingo hori ere. Taldeko kide Arantza Bengoak moldatu du, eta ospitalera ebakuntza bat egitera doan Justoren bizipenak kontatzen ditu. Apendizitis ebakuntza egitera joan, eta beste bat egingo diote; orduan sortzen diren egoerak taularatuko dituzte Ikusi Makusiko kideek.

Adela Korkostegi, Arrate Kortabarria, Begoña Urrestarazu, Iñaki Igartua, Arantza Bengoa eta Tere Zubia egongo dira Santa Anako oholtzan, hainbat pertsonaia gorpuzten. Adi-adi egongo da Axun Arzuaga.

Azken biak dira jatorrizko taldetik geratzen diren bakarrak. Zorionez, partaide berriak batu dira taldera, eta urtero antzezlan berria egiten jarraitzen dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak