Elejabarrietak azaldu du "garai ilunei determinazioz" egiten zaiela aurre, "inoiz ez etsipenetik". Hala, gaineratu du ez dela etsipenerako edo besoak jaisteko unea. "Esperantzarako momentua da. Orain inoiz baino gehiago. Ezker subiranistak konpromisoa hartzen du euskal herritar guztiekin partida hau 90. minutura arte jokatzeko", azpimarratu du.
Euskal herritarrak ez dituztela abandonatuko azaldu du Kongresurako hautagaiak. "Atsedenik gabe borrokatuko gara faxistak gelditzeko eta gehiengo aurrerakoi eta ausart bat posible egiteko. EH Bildurik gabe zenbakiek ez dutelako ematen, baina EH Bildurekin bermatuta dagoelako Euskal Herriaren eta bertako jendearen defentsa", gehitu du.
Duartek, bestalde, adierazi du ez direla ohiko hauteskundeak. "Asko dago jokoan. Nork sinesten du eskuinak etxebizitzaren arazoa konponduko duela? Edo garraio publikorako laguntzak luzatuko dituela? Edo bankari zergak jarriko dizkiotela? Nor engainatu nahi dute eskuinak pentsioak pribatizatuko ez dituela diotenek? Inork uste al du euskal herritarron eskubideak bermatuko dituztela? Arrisku bat dira gure autogobernuarentzat eta euskararentzat. Baina badakizue zer? Euskal Herria ez dute engainatzen", esan zuen, irmo.
Modu horretan, ezker subiranistak irabazi behar duela aldarrikatu du. "Eskubideen berme garelako eta jendeari egia esaten diogulako. Zintzotasunak irabazi behar du. Politika onak irabazi behar du. Azken batean, jendeak irabazi behar du".