Entrenatzaileak Aloña Mendira erakartzeko eta gaur egun daudenek formakuntza saio bat izateko ekimena izan da Oñatiko eskubaloi kongresua, saileko lehendakari Iñaki Mendarozketak onartu duenez; izan ere, lehendakariak uste du entrenatzaileei balio erantsi bat eskaini behar dietela klubetik, eta modu egokiena "formakuntza bidez" izatea dela iruditu zaie. Kongresuaren gaineko "balorazio positiboa" egin du Mendarozketak, "jorratu diren gaiak eta hizlariak goi-mailakoak eta esperientzia handikoak" izan direlako. Aloña Mendiko entrenatzaileek hartu dute parte; horien artean, Jokin Bautistak. Hark adierazi duenez, "ezinbestekoa" da haurrei eta etorkizuneko eskubaloi jokalariei zerbait erakutsi nahi izanez gero, "entrenatzaileek ere formakuntza saioak jasotzea".
Aloña Mendiko ordezkariez ez ezik, bailarako zein Euskal Herriko hainbat taldetako ordezkariak ere izan dira kongresuan. Mendarozketak onartu du "hasiera batean etxekoei zuzendutako ekimena" zela, baina aukera egongo balitz, bazutela asmoa "kanpora zabaltzeko", eta halaxe egin dute. Arrasate Eskubaloiko entrenatzaile Ane Herrero izan da kongresuen egon den entrenatzaileetako bat, eta halako ekimenak antolatzeari eman dio balioa: "Eskerrak eman nahi dizkiot Aloña Mendiri halako zerbait antolatu izanagatik. Ponentzia onak dira, eskubaloian esperientzia handia duen eta maila altura iritsi den hizlari askoduna, eta guretzat oso aberasgarria da hori".