Santa Ana bete egin da Mestrek eta Oñati Abesbatzak jo duten kontzertu hunkigarrian

Julen Murua Mesonero

Musikegunetako ekimenaren barruko hirugarren kontzertua izan zen atzokoa, eta Jon Mestre Arzuaga piano-jotzailea eta Oñati Abesbatza igo ziren Santa Ana antzokiko oholtzara. Mestrek, pianoan, obra klasiko batzuk jo zituen lehenengo, eta ostean batu zitzaion Oñati Abesbatza, haren aitona zen Jose Mari Arzuagak sortutako hainbat abesti jotzera.

Apenas egon zen eserleku hutsik Jon Mestre Arzuagak eta Oñati Abesbatzak elkarlanean jo zuten kontzertua ikusteko. Bi urte daramatza Mestrek herritik kanpo pianoa jotzen, eta berriro etxean jo zuen lehenengo kontzertuan herritarrek ez zuten hutsik egin. Oso kontzertu "berezia eta hunkigarria" izan zen Arzuaga familiarentzat; izan ere, Mestrek haren aitona zenaren lau kantu moldatu zituen, "errespetu askorekin", Oñati Abesbatzarako, eta biek elkarlanean jo zituzten abestiak, Jose Mari Arzuagari omenaldi gisa. "Oñati Abesbatza, Santa Ana eta musika oso lotuta daude Arzuaga familiarekin. Oso hunkigarria izan da nire aitonaren piezak jotzea eta moldatzea".

Mestrek onartu zuen kontzertuen aurretik normalean urduri egoten den arren, atzokoa berezia izan zela: "Lehenengo aldia izan da etxean eta oso pozik nago. Babestuta sentitu naiz, baina baita urduri ere. Etxeko kontzertu bat izan da eta oso ondo egon da". Kontzertuaren bukaeran, bigarren aldiz jo zuten Bihotz baten ordean kantua, eta Jon Mestreren ama Monika Arzuaga ere eszenatokira igo zen kantuan egitera.

60 urteak borobilduta

Arzuaga familiarentzat ez ezik, Oñati Abesbatzarentzat eta abesbatzako zuzendari Mirengu Plazaolarentzat ere berezia izan zen kontzertua; izan ere, Plazaolak musika munduan egin zituen lehenengo urratsak Mestrerekin egin zituen. "Musika munduan hasi nintzenean Jonekin [Mestrerekin] hasi nintzen irakasle moduan. Gero gainera, Oñati Abesbatza zuzentzen hasi eta abesbatzaren 60. urteurrena sorreran egon zen pertsona baten lanak interpretatzen borobiltzea, haren biloba pianoan egonda, oso hunkigarria izan da", adierazi du Plazaolak..

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak