Luzaroan odola emateagatik omendu dituzte

Eneko Azurmendi Barrena

Gaurko omenduak –Iñigo Murgiondo falta da–.

Urtero moduan, hainbat herritar omendu ditu Oñatiko Odol Emaileen Elkarteak. Hain zuzen, 25, 40 eta 50 aldiz odola eman dutenak izan dira, baita 100 aldiz eman duen bat ere.

Bederatzi odol-emaileri aitortza egin die gaur Oñatiko Odol Emaileen Elkarteak, azken urteetako ohiturari jarraituz. Honako hauek izan dira: Sergio Gomez, Koldo Gorostidi, Xabier Mugarza eta Elisenda Pahissa (25 aldiz eman dute odola); Miren Gurutze Gereta (40 aldiz); Pedro Maria Cueva, Ibon Enparanza eta Iñigo Murgiondo (50 aldiz); eta Eugenio Barrena (100 aldiz).

Gizarte mailan ikusgarritasuna emateko helburuarekin egiten dute aitortza-ekitaldia elkarteko kide Lorea Biainek azaldu duenez. "Azken batean, nolabaiteko publizitatea egiteko eta herritarrek kontzientzia har dezaten egiten dugu. Jakin dezaten garrantzitsua dela odola ematea. Guztiok izan genezake egunen batean odol beharra eta horregatik da inportantea odola ematea", azaldu du.

Gazteak erakarri gura dituzte

Emaileak behar dituztela adierazi du Biainek eta jende gaztea, nagusiki. Izan ere, adineko jendea utziz doa, odola emateko gehieneko adina 70 urte baita ohiko emaileentzat. "Jende gaztea etortzen da, baina gehiagoren beharra daukagu. Etorri daitezela proba egitera eta ikusiko dute ez dela horrenbesteko esfortzua urtean bizpahiru aldiz odola ematea. Trukean, gainera, gizarteari onura handia ematen dion ekintza da".

Aurten, ohi baino apalago

2026ko datuei erreparatuta, gaurkoa kontuan hartu barik, 439 odol poltsa eta 25 odol emaile berri lortu dituzte –493 pertsona joan dira–. "Iazko urteetan baino motelago joan da aurtengoa, eta helburua ez dugu beteko; 545 odol poltsa lortzea, hain zuzen".

2025ean, 559 odol poltsa eta 19 odol emaile berri lortu zituzten –629 pertsona– eta 2024an, aldiz, 525 odol poltsa eta 25 odol emaile berriz, –588 pertsona–.

Eugenio Barrenak, 100 aldiz

Gaurko omenduek, ohi moduan, diploma bana jaso dute, baina salbuespena Eugenio Barrena izan da. Hark oroigarri berezi bat jaso du, 100 aldiz odola emateagatik. "Osasuna edukitzea eta konstantea izatea dira gakoak. Ez dauka bestelako misteriorik", azaldu du. 

Ez du gogoratzen noiz hasi zen odola ematen, baina bai zergatik: "Osasun-arazo batzuk nituelako hasi nintzen odola ematen, eta eskerrak eman nahi dizkiot Antonio Odriozolari. Emaile oso fina izan zen eta hark animatu ninduen. Horrez gain, Asunek eta Pilik ere asko lagundu zidaten hasiera haietan. Beraz, haiei ere eskerrak eman gurako nizkieke", nabarmendu du. "Lagun talde bat egitea lortu genuen, nahiko handia, eta arratsalde pasa bat modura planteatzen genuen", gaineratu du. 

Barrenaren iritziz, "garrantzi handia" dauka odola emateak eta gazteen falta sumatzen duela aitortu du. "Edozelan ere, egia da gazte batzuk ere animatzen direla, beraz, jarraitu dezatela horretan. Guk ezingo dugu luzaroan jarraitu odola ematen, nahiz eta, osasunak laguntzen digun bitartean, hemen egongo garen", bukatu du. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak