Osoko bilkura Mondragon Unibertsitateko errektore Bixente Atxaren eta Jakiundeko lehendakari Ana Zubiagaren berbekin hasi dute. Hitzaldiaren aurretik, duela gutxi hildako Iñaki Dorronsoro ohorezko akademikoa gogoratu dute. Ondoren, Javier Retegik, ingeniari eta Mondragon Unibertsitateko errektore ohiak (1999-2002) eta Jakiundeko akademiko osoak, Gobernanza en tiempos mutantes (Desde el personalismo comunitario) hitzaldia egin du.
Kide urgazleen kategorian, honako hauek sartu dira: Ignacio Arganda, Ikerbasqueko ikerketa-irakaslea EHUn eta irudi biomedikoaren analisian aditua; Pedro Arrazola, Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritza Mekanikoko irakaslea eta Mekanizazio Laborategiko arduraduna; Miren Arzalluz, arte-historialaria eta Guggenheim Bilbao Museoko zuzendari nagusia; Lourdes Basabe, Ikerbasqueko ikerketa-irakaslea EHUn eta Microfluidics & BIOMICs Clusterreko zuzendaria; eta Nadine Couture, ESTIAko (Bidarte) Informatikako katedraduna. Kide urgazleek Akademiaren jardueretan hartzen dute parte, hitzarekin baina botorik gabe.
Kide urgazle gazte gisa, berriz, honako hauek sartu dira: Ane Berro, Deustuko Unibertsitateko hizkuntzalaria; Edurne Iñigo, Zuzenbidean lizentziaduna eta Deusto Business Schooleko Marketineko irakasle titularra; Iban Larrandaburu, Zuzenbide Publikoan doktorea, Pyrene Euro-Institutoko ikerketa-proiektuen arduraduna eta mugaz gaindiko lankidetzan aditua; Juan Manuel Matxinbarrena, EHUko Psikologia irakaslea; eta Claire Tonnele, kimika fisikoko Ikerbasque ikertzailea EHUn eta DIPCn.
Jakiundek 2017an sortu zuen azken kategoria hori, bere lanari belaunaldien arteko ikuspegia gehitzeko; kideek 45 urte bete arte jarraitzen dute bertan.
Kide berriek datorren Udaberriko Osoko Bilkuran hartuko dute kargua. Akademiako kideentzat soilik izan den saioan, lehendakariak bere txostena aurkeztu du, eta 2027ko aurrekontua onartu dute.