Literatura-genero askorekin lotura duen Itziar Ugarteren eleberria

Aitziber Aranburuzabala Juldain

Itziar Ugarte Irizar idazle oñatiarra. The Badass Project

Egunen alde zuria eleberria argitaratu berri du Oñatiko idazle eta kazetariak; Donostiako Literaktum jaialdian azaldu ditu liburuaren gainekoak asteon, eta datorren astelehenean egingo du argitaletxeko ordezkariekin, liburuaren aurkezpena.

Espainiako Kritikaren Saria eta Lauaxeta Saria eman zion Gu gabe ere (Susa, 2021) poesia-liburua idatzi zuen lehenengo; Primi Erostarbe pandero-jole, irrintzilari eta koplariaren bizitza jasotzen duen Primi Erostarbe, itzalari dantza liburu-diskoa gero; eta astelehenean aurkeztuko du, Susa argitaletxearen eskutik, Donostian, Egunen alde zuria eleberria Itziar Ugarte Irizar idazle eta kazetari oñatiarrak. "Nobela bat da, baina beste genero batzuekin mugan dago; eguneroko batetik badu, eta memoria-liburu batetik eta ohar-koaderno batetik ere bai, eta poemak ere sartu ditut; hortaz, bada halako hibrido bat. Askatasun forma handiarekin egindako ariketa bat da; aurrez, ipuin solteak idatzita nituen, baina liburu hori izan da hedadura zabalagoko narratiba-testu bat idazteko gogoak bultzatuta", azaldu du Itziar Ugartek. 

"Pozik" dago emaitzarekin: "Hainbat fase izan ditu idazketa-prozesuak, gutxi gorabehera lau urte iraun duena, eta azkeneko hilabeteak oso intentsuak izan dira; beraz, digeritzen ari naiz oraindik, baina pozik eta oso eskertuta nago, bidelagun ederrak izan ditudalako".

Joana, protagonista

Fikzioa da, abiapuntua bizipen pertsonal bat dela aitortzen badu ere. Azken urteak Bordelen igaro ostean herrira itzuli den Joana da istorioko protagonista. Familiarena izandako kale-baserrian bizi da, beste zerbait topatu bitartean, eta denbora dezente igaroko du bakarrik han, itzultzaile autonomo lanean. "Joana da narratzailea, eta lehen pertsonan kontatzen ditu haren eguneroko kontuak eta gogoetak. Ez dago gertakari handirik eta ez dauka kasik tramarik; gehiago da haren une zehatz baten bizipenen eta ezinegonen kontaketa". 

Astelehenean, aurkezpena 

Azaroaren 23an aurkeztuko du liburua, argitaletxeko ordezkariekin Donostian egingo duen ekitaldian, baina dagoeneko izan du jendaurrean liburuari buruzko azalpenak emateko aukera; izan ere, martitzenean Donostiako Literaktum jaialdian hartu zuen parte. "Beñat Sarasolak gidatu zuen saioa, eta oso polita izan zen. Aukera ona izan zen nire ideiak ordenatzeko; orain hasten den liburuaren aurkezpenetarako lehen pauso moduan, lagungarria". 

Jende gutxik irakurri du oraindik, baina gauza politak jaso dituela gaineratu du: "Esaterako, esan didate poema-liburutik gertu dagoela; gaur egungo belaunaldi bat identifikatuta senti daitekeela istorioarekin; baita garaiko giroaren jasoketa egin dudala ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak