Aloña Mendiko eskubaloi sailaren 50. urteurrenaren bueltan, asteburuan eskubaloi kongresua egingo dute Oñatin, eta azken hiru urteotan saileko presidente lanetan dabilen Iñaki Mendarozketa izango da hizlarietako bat. Bereziki, entrenatzaileei zuzendutako formazio saioak izango dira, eta puntako hizlariak batuko dituzte. Kirolean biolentzia zelan prebenitu izango du berbagai Mendarozketak.
Kongresuan sakondu aurretik, zer moduz doaz 50. urteurreneko ospakizunak?
Oso ondo, esango nuke, orain artekoaren balorazioa ona da. Urteurreneko ekintzak antolatzeko klub barruan taldeak sortu genituen: merchandising-az arduratuko zen talde bat, goi-mailako taldeen lagunarteko partiduak antolatuko zituztenak, uztaileko jaiaren ardura izango zutenak... Horrek aukera eman digu zuzendaritzakooi egunerokoan zentratuta egoteko, nahiz eta talde horietan laguntzeko ere egon garen. Bestalde, uste dut antolatu ditugun ekintzetan jende askok hartu duela parte, eta hori ere pozgarria izan da.
Uztail hasieran egin zenuten ospakizunak aspaldiko lagunak batu zituen.
Bai; oso egun polita izan zen, Madrildik etorri zenik ere egon zen. Oñatiko eskubaloi taldean ibilitako belaunaldi askotariko jendea batu genuen, gizonezkoen taldeetakoak zein emakumezkoenak, eta polita izan zen garai bateko lagunekin elkartzea. Guztira 500 lagun inguru elkartu ginen.
Alde horretatik, urteurrena aitzakia ona izaten da klubari bultzada emateko?
Esango nuke baietz. Lanerako sortu ditugun taldeetan jendea batu da. Bazkarian ere ederra izan zen horrenbeste jende elkartu eta garai bateko kontuen berri izatea, eta merchandising-erako egin ditugun produktuak ondo saldu dira: kamisetak, kirol-jertseak... Urteurrena ospatzeko jendea batzea polita izan da, eta horrenbeste jende batzea, ere bai.
Eskubaloi kongresua antolatu duzue astebururako; entrenatzaileei soilik dago zuzenduta?
Berez, formazio moduan antolatutako kongresua da, eta egia da entrenatzaileei begira antolatutako ekitaldia dela, baina eskubaloia gustuko duenak, ikasteko interesa daukanak... ateak irekita izan ditu.
Eta zeintzuk batuko zarete bertan?
Hasieran, lehentasuna eman diegu Aloña Mendiko entrenatzaileei, eta, ondoren, Debagoieneko taldeekin jarri ginen harremanetan; Arrasatekoekin eta Bergarakoekin, baita Legazpikoekin ere, eurekin ere harreman estua dugu eta. Eta gero, Euskal Herrira zabaldu dugu gonbidapena. Guztira 50-60 lagun inguru batuko gara.
Formazioan jarri duzue indarra...
Garbi daukagu hori. Izan ere, gaur egun ez da erraza entrenatzaileak topatzea, geroago eta zailagoa da; besteak beste, eskakizun asko bete behar dituztelako eta entrenatzaile gehienek lan boluntarioa egiten dutelako. Eta, horren harira, zuzendaritzara gaur egungo lantaldea sartu ginenean garbi ikusi genuen etxeko entrenatzaileei formazioa eskaini behar geniela, entrenatzaile titulua izan ala ez. Adibidez, aurreko denboraldi amaieran, ekainean, Granollers taldeko entrenatzaile bat ekartzeko aukera izan genuen, eta asteburu oso bat egin zuen gure entrenatzaileekin eta jokalariekin lanean.
Zelan antolatzen da halako kongresu bat? Izan ere, esperientzia handiko entrenatzaile datoz kanpotik.
Kongresu hori antolatzeko, Entrenatzaileen Eskola Nazionalekoekin jarri ginen harremanetan; azken batean, eurek bideratzen duten zerbitzu bat da, eta eurak arduratzen dira hizlariak lotzeaz. Guk lekua atondu dugu; Eltzian batuko gara zapatuan eta domekan.
Datozen entrenatzaileen artean, nor nabarmenduko zenuke?
Denak dira nabarmentzeko moduko hizlariak, euren arloan espezialistak direlako. Esaterako, urteetan Bera Beran ibilitako Imanol Alvarez ezaguna da, edota Espainiako eta Eslovakiako hautatzaile izandako Jorge Dueñas... Eurekin batera, gaur egun elitean diharduten entrenatzaileak ere izango ditugu; mundu horretan dabiltzanek esan digute kartel potentea daukagula. Interesgarria izango da eurak entzutea.