Jon Mestrek eta Oñati Abesbatzak "oso kontzertu berezia" joko dute domekan

Julen Murua Mesonero

Jon Mestre piano-jotzaile oñatiarra. Jon Mestre

Mestrek bere aitona zenaren hainbat kantu moldatu ditu abesbatzarako.

Musikegunetako egitarauaren baitako hirugarren kontzertua domekan izango da, 19:00etan hasita, Santa Ana aretoan. Hain zuzen ere, Jon Mestre Arzuaga piano-jotzaileak eta Oñati Abesbatzak elkarlanean emango dute kontzertua, eta berezia izango da guztientzat; izan ere, Mestrek bere aitona zen Jose Mari Arzuagak sortutako hainbat abesti joko ditu, eta, era berean, Oñati Abesbatzarentzat 60. urteurrena borobiltzeko moduko kontzertua izango da.

Kontzertuak bi zati izango ditu: lehenengoan, Mestrek Johann Sebastian Bach-en bi Preludio eta Fuga joko ditu; gero, Manuel de Fallaren Suaren dantza errituala eta Fantasia Betikoa; ostean, Frederic Chopin-en 27ko 2. Nokturnoa; jarraian, Franz Liszt-en 10. Rapsodia Hungariarra; eta, bukatzeko, Robert Schumann-en Vienako Inauterietako eszena batzuk interpretatuko ditu. Horrekin guztiarekin, "Europan bidaia polit bat" egingo dute. 

Bigarren zatian, ostera, Mestreren aitona zenaren Jose Mari Arzuagaren euskarazko hainbat abesti joko ditu piano-jotzaileak: Gaur bijilian; Agur, Euskalerri!; Agur, Amatxo!; eta Bihotz baten ordean kantuak joko ditu Mestrek, hain zuzen ere. Gainera, joko dituen lau pieza horietatik hiru korurako moldatu behar izan ditu: "Hasiera batean, mezzosopranorako eta pianorako eginak zeuden. Nik lau ahotsetara abesteko moldatu ditut kantuak, baina pianoaren zatia asko errespetatu dut; gainontzekoak sortu edo moldatu egin ditut. Ostean, koruari kantu guztiak bidali, eta Miren Gurutze Plazaolak –Oñati Abesbatzako zuzendaria– ere kantuak abesbatzan landu behar izan ditu", adierazi du piano-jotzaile oñatiarrak.

Aldagai bereziak

Domekako kontzertua nolakoa izango den pentsatzea "gogorra" egiten zaion Mestreri, baina, hala ere, oñatiarrak aurreikusten du "oso kontzertu berezia" izango dela harentzat eta haren familiarentzat. "Lehenengo aldia da etxean. Entzuleak kontzertuaren parte dira, eta, beraz, baita antzokian sortzen den atmosferaren parte ere", adierazi du. 

Azken lau urteetan Madrilen bizi izan da, eta, horrez gain, Espainian eta Europako beste hainbat tokitan ere jo ditu kontzertuak –Erroman izan da, asteon, kontzertua ematen–. Hori dela eta, "gogotsu" dago Mestre, urte hauen guztien ostean etxean jotzen duen lehenengo aldia izango delako. Gainera, piano-jotzaileak dio are bereziago egingo duela domekakoa Oñati Abesbatzaren 60. urteurrena ospatzeak. "Poz handia ematen dit kontzertua eurekin jotzeak, besteak beste, nire irakasle izandako Miren Gurutze Plazaola delako abesbatzako zuzendaria, eta irakasle izatetik lankide izatera igaro delako. Iaz hasi ginen hitz egiten kontzertua batera jotzearen ideiaren inguruan, eta, azkenean, posible izan da", adierazi du Mestrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak