Urteroko ohiturari jarraituz, Santa Ana antzokia trikiti doinuz beteko da zapatuan; izan ere, arratsaldeko bostetan hasita, Oñatiko trikiti jaialdiaren hemezortzigarren aldia ospatuko da. "Dagoeneko herrian eta trikiti munduan errotuta" dagoen jaialdia dela dio Lizargarate Trikiti Elkarteko kide Aitor Billarrek. Zazpi talde igaroko dira eszenatokitik eta bakoitzak hiru pieza joko ditu. Oholtza gainera igotzen lehenak Txomin Illarramendi eskoriatzarra eta Oier Sancho eta Aitor Billar oñatiarrak izango dira. Baina, bi horiez gainera, egongo da beste oñatiarrik; hain zuzen ere, Mikel Albistegik trikitia joko du, eta harekin batera Uxue Kerejeta eta Julen Labaka ere igoko dira eszenatokira.
Billarrek dio jaialdia "urteko ekintza garrantzitsuenetako bat" dela eurentzat, eta "mimo handiz" prestatzen dutela. Askotariko estiloak jorratzen dituzten trikitilariak izaten dira oholtza gainean; izan ere, jaialdiaren helburuetako bat ere bada "erakustea trikitia ez dela mugatzen buruan dugun irudi tradizional horretara". Horrez gain, Billarrek nabarmendu du elkartetik kanpoko lagun talde batek egiten duen "lan zikina", besteak beste, trikiti-jotzaile guztiek jaialdira joan aurretik elkarrekin bazkaldu dezaten.
Bailarako Trikiti Eguna, Oñatin
2027ko Debagoieneko Trikiti Eguna Oñatin ospatuko dela kontuan hartuta –apirilaren 24an izango da–, egunari lotutako errifak eta arropak salgai egongo dira jaialdian.