1724 noches dokumentala eskainiko dute gaur arratsaldean Emakumion Etxian. Michelle izeneko emakume baten istorioa kontatzen du, nola joan zen Paristik Buenos Airesera seme-alabei sexu-abusuak egin zizkioten aitarengandik ihesi. Poliziak atzeman eta adingabeak lapurtzea leporatuta, euren kustodia galdu zuen eta salatuta zegoen aitarengana bidali zituzten umeak. Istorio honekin, familia barruko sexu-abusuak eta hori salatzeak dakarren ondorioak salatu gura izan ditu, hala nola zaurgarritasuna, sinesgarritasun falta, kartzela edo bakardadea, arrazismoaz eta migratzaile izateak dakarren zailtasunez gain.
Staffolaniren lehen ikus-entzunezkoa
Arkitektoa da lanbidez Argentinan jaio eta egun Oñatin bizi den Silvia Staffolani. Eraikuntzaren marketin alorrean egin du lana eta hau da bere lehen ikus-entzunezkoa, "erronka aberasgarria". Dokumentaleko ama, Michelle, 2019an ezagutu zuen berak Argentinan eta haren ondoan egon zen epaiketa bukatu zen arte. Orduan erabaki zuen istorio hori kontatzea "Michelle-en kasua ez delako salbuespena, araua baizik".
Gaztelera eta frantsesa entzuten dira ikus-entzunezkoan eta ingelesezko eta euskarazko azpitituluak ditu. Dokumentala 17:00etan proiektatuko dute Emakumion Etxian eta ondoren tertulia egongo da egilearekin.