Xabier Leteren, Benito Lertxundiren, Izaroren eta Anje Duhalderen kantuak, eta beste hainbat dira Azkura-ren muina. Pianoa, gitarra, panderoa... izan dituzte bidelagun Perez de Arenazak eta Urdanpilletak. "Akaso, arraro samarra da gure garaikoak ez diren musikarien hitzak erabiltzea; baina, garaiak ez du axola. Transmititzen den mezua da inportantea; horregatik abesten ditugu gure erara. Adibidez, Leteren eta Lertxundiren letrak, bertso doinuekin", azpimarratu dute.
Kantuen eta hitzen artean, ordubeteko emanaldia josteko haria, Lurdes Iriondoren Hala ere kantuaren esaldi bat izan da: Nabil, eta nabilelako nago hain zikin.
"Pozik eta gustura"
Ahots goxoak eta gustagarriak dituzte Azkura-ren bi protagonista, eta elkarrekin kantuan egiterakoan, doinu berezia sortzen dute. "Oso gustura egon gara. Ikusle kopurua ere polita izan da gu geu lasai egoteko. Akats tekniko batzuk eduki ditugu, baina oro har, pozik gaude. Ikusleek ere egin ditu kantuan; beraz, emanaldi polita izan dela uste dugu", esan dio GOIENAri Malen Perez de Arenazak.