Formatu eta diziplina askotariko sormen-lanak eroan ditu Malen Perez de Arenazak (Oñati, 2003) taularen gainera. Antzerki arloan, jaioterriko Xup! taldeko lagunekin sortutako Beita antzezlanarekin estreinatu zen, 2021ean, gerora telesail bihurtu zutena. Afizioa ofizio bihurtzeko gogoz, Bilboko Dantzerti Eskolan borobildu zituen, aurtengo ekainean, ikasketak, eta Iruñean ari da gaur egun, Praktika eszenikoak eta ikasketa kulturala izeneko goi-mailako ikasketetan murgilduta. "Sortzaile moduan nire norabidea zehazten lagunduko didaten tresna asko ari naz jasotzen. Gorputza, afektuak eta lurraldea oinarri dituzten ikasgaietan dago oinarrituta", azaldu du Malen Perez de Arenazak.
Ikasketekin buru-belarri ari dela aitortu du, baina, noizean behin, jendaurrean erakusten ditu sortutakoak. Aktore izateaz gain, gitarra eskuetan bakarlari ere jarduten du. Eltzia Topagunean izango da gaur, 19:00etan hasita, Nora Urdanpiletarekin batera sortu duen Azkura ikuskizun berria aurkezten. Sarrera dohainik da.
Hitzak eta musika
Errenteriako Udalak antolatzen duen Atlantikaldia jaialdian estreinatu zuten, irailean, eta Oñatikoa izango da bigarren emanaldia. Dantzertirako "soinu espazioak aztertzeko helburuarekin" egin zuen gradu amaierako lana du abiapuntu. "Hasieran, 60ko eta 70eko hamarkadetako langileriari buruzko kontakizuna egin gura nuen, baina sortzen hasi ahala konturatu nintzen aurrez kontatuta zegoela; gehienbat, gizonezkoen ahotik bazen ere. Horregatik, emakumezko langileen historia kontatzeko gogoa sortu zitzaidan, guztiz argi izan barik nola egin ahal nuen hura. Bada, Zorrotzaurreko Pabellon 6 aretoan lan egiten zuen Anoetako Nora Urdanpileta aktorearekin egin nuen topo, halako baten, eta gauza askotan bat gentozela ikusita hasi ginen elkarrekin lanean; eta Azkura da emaitza".
Modu intimoan, soiltasuna eta sormena ardatz ditu Azkura-k. "Musika, hitzak eta bertsoak batzen ditugu. Bion artean tartekatuta historiaren gainbegiratua egiten saiatzen gara, gaur egungo begiradarekin eta tresnekin. 60ko eta 70eko hamarkadetako kantu ezagunak abesten ditugu –adibidez, Xabier Leterenak eta Benito Lertxundirenak–, baina gure erara, autotunea erabilita eta hainbat doinuren gainean: bertso doinuekin batzuetan eta pianoarekin, gitarrarekin edo panderoarekin lagunduta beste hainbatetan. Nire kantu bat ere badago. Uste baino lehenago erakutsi genuen jendaurrean; izan ere, Atlantikaldia jaialditik egin ziguten gonbidapena, eta, gauza batzuk guztiz josita ez zeuden arren, toki polita iruditu zitzaigun gure esperimentua erakusteko. Esperientzia oso ona izan zen, oso babestuta sentitu ginen eta aurrera egiteko akuilua ere izan zen guretzat. Han jaso eta ikasitakoarekin moldaketa batzuk egin dizkiogu lanari, eta oraindik ere joango gara ikuskizuna osatzen".
Publiko guztiarentzako modukoa da eta ordubete irauten du. "Transmisiotik ere badu kontakizunak, sentsazioa dugu-eta txikitan abesten genituen euskal kantuak ez ditugula horren sarri entzuten; hortaz, euskal kantategi-zaleak eta euskal langile guztiak gonbidatuta zaudete, jendea antolatzera deitzea ere bada-eta gure istorioaren beste helburu bat".
Puntua aldizkariaren 519. zenbakiko Kultura atalean argitaratutakoa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Ikuspegi kritikoa
Garai batean, "sostengu handia zuen bakarlari jarduteak"; orain, berriz, kolektiboan ikusten du "sortze eta taularatze prozesua eta modua ere". Kritikoa da arte-kontsumoan ikusten duenarekin: "Euskal Herria salbuespena izan da orain dela gutxi arte, baina mainstream-kultura nahi dugu orain guk ere. Politikoki konprometituak dauden lanek ez dute ia lekurik. Arteak, betidanik, busti beharra izan du, eta orain, berriz, kultura-eskaintza gehiena zuria da. Arduratuta nago; lan zuriak ikustera ohitu gara, eta lan zuritasuna arriskutsua da".