Jone Exposito: "Oholtza gaineko kupoak deseraikitzen eta ikuspegia zabaltzen hasi behar dugu"

Oihana Elorza Gorostiza

Jone Exposito Alberdi, entsegu-lokalaren aurrea (Argazkia: danbolin.eus).

Euskal Herriko oholtza gainen diagnosia egin du, musikaren esparruan, Jone Exposito Alberdik (Zestoa, 1996), Oli Artola Apeztegiarekin. Master amaierako lana izan da. Gaur, azaroak 10, Antixena gaztetxean izango da, 19:00etan, Burrunda Faktoriak gonbidatuta, hitzaldia egiten: "Elkarri begira ikusten gara: ertzetatik euskal musikagintzaren hausnarketa feminista bat".

Zer-nolako datuak eman ditu azterketa horrek?

Emakume musikarien presentzia oso urria dela oholtzetan. 2023- 2024ko ikasturtean hartutako datuak jasota ikusi dugu hori.

Zer hartu duzue kontuan zenbaketa egiterakoan?

Begirada feminista erabili genuen hori egiterakoan ere, eta irauli zenbatzeko modua. Ez dira berdinak, adibidez, emakumez osatutako taldeak, emakume baten proiektua, gizonez osatutako taldeak, gizon baten proiektua edo talde mistoak. Bereizi egin genuen hori, eta ikusi genuen, esaterako, instituzioek antolatutakoetan emakumeen presentzia %65 ingurukoa zela –kupoagatik–, aretoetakoa %34koa, gune autogestionatuetakoa %37koa eta musika jaialdietakoa %42koa. Batezbestekoa aterata, %40ra ez zen iristen emakumeen partaidetza. Beste ikerketa bat izango litzateke zer ari den gertatzen musika estiloetan; hau da, punkean, rapean, pop musikan edo rockean, esaterako. Guk aztertu duguna da kontsumo popularreko musika edo mainstream deritzon musika.

Datuen argazkiaz harago, zeintzuk dira ondorio nagusiak?

Sei emakume musikarirekin egon ginen –Amets Aranguren, Areta Senosiain, Ines Osinaga, Miren Narbaiza, Nahia Zubeldia eta Sara Zozaya–, eta, datuen alderdi negatibo hori alde batera utzita, esperantza apur bat ikusten dute, garai bateko egoerarekin alderatuta. Oraindik ere zailtasunak egoten dira emakume musikariak elkartzeko; izan ere, normalean, kupoa betetzen ari dira eta elkarren ordezkari dira. Horrek ekar dezake elkar ez ezagutzea, baina gero eta gehiago elkartzen direla eta sareak sortzen ari direla esan digute, lehiakide izatetik ahizpatasun aldera ari direla bidea hartzen. Hori entzunda, eta ikusita oraindik ere emakumeen presentzia gizonezkoena baino askoz txikiagoa dela, eta, zer esanik ez, genero disidenteen egoera, hor badaukagu zeregin handi bat. Gure iruditeria hegemonikoari jartzen dizkiogun kartolak kendu behar ditugu, eta oholtza gainean egoteko aukera ere denei eman behar zaiela ikusi. Ikuspegia zabaldu, eta emakumeak bakarrik ez, genero disidenteak eta pertsona arrazionalizatuak ere ekarri behar ditugula, baina kupoak deseraikitzen hasi behar dugu, gure oholtzak bizigarri eta inklusiboak izan daitezen, musikariak direlako ekarri.

"Egoera hobetzeko protokolo bat prestatu genuen, eta hori aurkeztuko dut Oñatin"

Hori lortzeko irizpide batzuk emango dituzu Oñatin martitzenean?

Azterketarekin batera, hori gainditzeko edo orain artekoa hobetzen laguntzeko irizpide batzuk eta protokolo bat ere prestatu genituen, eta hori ere azalduko dut, bai.

Zer jasotzen du protokolo horrek?

Ez da erasoen aurkako protokolo bat, baizik eta kontzertu bat antolatzeko protokolo bat. Hitzaldian entzungo dira xehetasun guztiak. Nik protokoloa aurkeztuko dut, baina helburua da, Burrunda izan daitekeen moduan, beste edozein eragilek ere bere egitea, bere testuingurura ekartzea; interesa badu, behintzat. Espazioarekin zerikusia duten ideia batzuk, kontratazioa hasten den egunetik emanaldia pasa arteko tartean musikariekin izango den hartu-emanean kontuan hartzeko hainbat gauza, irisgarritasun ekonomikoa... Hainbat arloren gaineko proposamenak dira, eta horien berri jakiteko onena hitzaldira etortzea izango da. Hausnartze kolektiboa bultzatzea izango da hitzaldiaren zati bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak