Mikologiaren zaleek nahiz gastronomia maite dutenek estimatzen duten jardunaldia da Arantzazun egin ohi dutena. Aurten hamahirugarren edizioa izango da eta 17:30ean hasiko dute, Amaia Diaz de Monasteriogurek Gandiaga Topagunean egin duen hitzaldiarekin. "Perretxikoak udazkeneko gastronomiaren osagai estimatuenetakoak dira, baina badakigu zer-nolako propietate nutrizionalak dituzten? Nola txertatu ditzakegu gure elikaduran? Perretxikoen eta onddoen munduan murgilduko gara, haien ezaugarri nutrizionalak eta sukaldaritzan eskaintzen dizkiguten aukerak ezagutzeko", azaldu dute antolatzaileek.
Hitzaldiaren ostean, 19:00etan, Arantzazuko gastronomia-zirkuituan barrena ibilbidea hasiko dute. Aurten, Iraipe Arantzazuko Santutegia Hoteletik abiatuko dute ibilbidea, eta handik Goiko Benta eta Sindika jatetxeetara joango dira. Mikopintxo bakoitzak 1,5 euroko salneurria izango du, eta edaria ostatu bakoitzaren prezioen arabera ordainduko da.
XIII. Mikopoteoa Arantzazuko Adiskideak elkarteak, Arantzazulabek eta Arantzazu Parketxeak antolatu dute, Oñatiko Udalaren eta aipaturiko jatetxe eta hotelen laguntzarekin.