Lehen aldiz antolatu du Ganbara faktoriaren Aequues Ensemble orkestrak Sokaz soka topaketa, eta emaitzarekin oso gustura azaldu da Aitor Biain zuzendaria: "Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako musika-eskoletako 50 ikasle etorri dira, oso kopuru polita lehen aldia izateko. Ahoz ahokoaren poderioz, topaketa hau gehiago zabalduko delakoan gaude. Izan ere, ez daude proiektu asko maila zehatz bat exijitu barik orkestra batean parte hartzea ahalbidetzen dutenak".
Goizetik aritu dira 8 urtetik gorako biolin, biola edota txelo ikasleak, taldeka banatuta, arratsaldeko emanaldirako lau pieza entseatzen: Charpentierren Te Deum preludioa, Beethovenen 9. sinfoniaren Ode to Joy atala, Bella Ciao herri-pieza eta Piazzolaren Libertango. Elkarrekin bazkaldu ondoren, Aequus Ensemble orkestrako kideak iritsi dira, eta denek batera entseatu dute jarraian.
18:30erako hasi da Eltziako areto nagusia ikus-entzulez betetzen. Ordu erdira lepo bete da aretoa eta sokazko musikari nagusiek egin dituzte anfitrioi lanak. Ordubete eskaseko emanaldian, besteak beste, pelikula eta telesail ezagunen soinu bandak interpretatu dituzte. Bien bitartean, ikasleek adi-adi jarraitu dute bazter batean euren atril-kide izango zirenen mugimenduak. Eta iritsi da erdigunera joateko momentua. Estu eta goxo, aldi berean, primeran moldatu dira aurretik entseatu dituzten piezak interpretatzeko.