Aloña Mendiko mendi sailak prest dauka mendirako federatu txartelak egiteko edo berritzeko kanpaina. 2027an federatu izan gura dutenek hiru egun dituzte mendi sailaren bulegotik pasatzeko: hilaren 16a, 18a eta 25an, 19:00etatik 20:00etara. Egun horietan bulegora joan ezin dutenek, posta elektronikoz egin dezakete tramitea alonamendi.mendi@gmail.com helbidean, hilaren 26ra arte. Bide bat edo bestea aukeratu, tramite berberak egin daitezke: mendi federatu txartelak berritu, baja eman, edo aldaketak egin.
Estaldura nazionala
Aloña Mendiko mendi sailak 1.038 bazkide ditu egun: 708 gizonezkoak eta 330 emakumezkoak. Egungo bazkideetatik gehienek, 710ek, estaldura nazionala eta Pirinioak barne hartzen dituen txartela dute; 237k estaldura nazionala bakarrik hartzen duen federatu txartela, eta 91k estaldura nazionala, Pirinioak eta mundu mailako estaldura dute. 1.038 federatuek mendia, jaitsierak, eskalada... egiten dute. Baina badaude batzuk bestelako gehigarria dutenak: 198k eskiatzeko gehigarria ordaintzen dute, eta 234k mendiko bizikletan ibiltzekoa.
Bi mendi ibilaldi
Urtea bukatzeko bi mendi ibilaldi geratzen zaizkio Aloña Mendiri: azaroaren 15ean, Oñatiko lurretan ibiliko dira, eta abenduaren 20an Arabako Izki mendikatera joango dira. Bataz beste, ibilaldi bakoitzean 35-45 pertsona artean elkartzen dira mendira joateko. Adinari erreparatuz, 45 eta 70 urte artekoak dira. "Pertsonak aldatzen joaten dira, noski; baina kopurua mantendu egiten da. Datuak begiratuta, azken aldian gehiago gara. Noizbait autobus handia ere bete izan dugu", esan du mendi saileko kide Mikel Oterok.
2026ko egutegia beteta, segituan hasiko dira 2027ko mendi ibilaldiak prestatzen. "Esperientzia handia duten mendizaleak daude taldean. Mendi asko ezagutzen ditugu eta beti dago non aukeratu. Bestalde, parte-hartzaileek ere egiten dituzte proposamenak eta ekarpenak", dio Oterok.