Jesus Arregi astrofisikariak gidatuta, behaketa astronomikoa egingo dute. "Garai honetan gure zeruan ikus daitezkeen konstelazio eta planetak ezagutzeaz gainera, Hego Tauridak deritzen izar iheskorrak behatzeko aukera ere izango dugu. Udazkeneko zerua zeharkatzen duten meteoro hauek beren abiadura motelagatik eta, tarteka, sortzen dituzten argi-distira ikusgarriengatik dira ezagunak", azaldu du Arantzazuko Parketxeak, ohar bidez.
19:00etan hasita, astrofisikari aretxabaletarrak eguzki-sistema eta espazioa ulertzeko azalpen batzuekin hasiko du saioa, parketxean bertan. Ondoren, kanpora irten eta bere gidaritzapean, une horretan zeruan ikus daitezkeen izar eta konstelazioak behatuko dituzte. Horrez gain, Hego Tauriden meteoro-jarioa ezagutzeko eta, zeruaren baldintzek aukera emanez gero, izar iheskorren bat ikusteko aukera izango dute.
Parte hartzeko, aurrez izena eman behar da, lekuak mugatuak dira-eta. Horretarako, 943 78 28 94 edo 699 33 51 83 zenbakietara deitu daiteke, edo arantzazu@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzi. Horrekin batera, gomendatu dute linterna, hotzerako arropa egokia eta lurrean etzateko toalla edo estera eramatea.