Iribarren eta Kortabarriaren ikurrinari helduta egin du bertsotan Tatiegik San Mamesen

Oihana Elorza Gorostiza

Onintza Enbeita eta Aitor Tatiegi domekan, San Mamesen.

Athletic-ek eta Realak domekan San Mamesen jokatu zuten derbiaren atsedenaldian egin zuen bertsotan Aitor Tatiegik, Onintza Enbeita ondoan zuela: "Horrenbeste jende inguruan egonda eta ikurrina horrek esan gura duenaren parte izanda... emozionantea izan zen oso".

Bertsotan egin zuen Aitor Tatiegik domekan San Mames futbol zelaian, Athletic-en eta Realaren arteko derbiaren atsedenaldian. Onintza Enbeita eta biak egin zuten, talde gipuzkoarraren kamiseta jantzita oñatiarrak eta bizkaitarrarena muxikarrak. Bertso-derbian hartu zuten parte biek beste lau bertsolarirekin batera, eta horrelakoetan egiten duten moduan, partidua ikustera joan ziren parte-hartzaileak.

Partidua hasi aurretik, ikurrina atera zuten futbol zelaira Jose Angel Iribarrek eta Iñaxio Kortabarriak, bi taldeetako jokalariek ohorezko pasabidea osatuz. Iribar Athleticeko kapitaina zela eta Kortabarria Realekoa, ikurrina atera zuten biek Atotxan 1976ko abenduaren 5ean, legez kanpokoa zela. Futbol talde bietako klubek orduko ekintza horri omenaldia egin gura izan diete, 50 urtetara San Mamesen aterata. 

San Mamesen zeuden bertso-derbiko bertsolariek aukera izan zuten minutu batzuk lehenago Iribirrek eta Kortabarriak ateratako ikurrina berarekin futbol zelaira ateratzeko, eta Aitor Tatiegi eta Onintza Enbeita atera ziren. "Sekulakoa izan da. Ikurrina horrek duen esanahia sekulakoa eta eta eurek eutsitako ikurrina bera neuk ere neure eskuetan izatea... Horrenbeste jende ikustea ere handia izan da. Emozionantea oso", adierazi du Tatiegik.

Realeko hiru eta Athletic-eko beste hiru

Badira urteak talde bien Fundazioek bertso-derbia egitasmoa jarri zutela martxan Bertsolari Elkartearekin batera. Oraingoan Jon Maiak, Onintza Enbeitak eta Txaber Altubek hartu zuten parte Athletic-eko zaleak eta Maddi Aiestaran, Amets Arzallus eta Aitor Tatiegi realzaleak. Zornotzan egin zuten saioa egubakoitzean, eta partidua ikustera joan ziren domekan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak