XII. eta XIII. mendeetako partiturak ikusi eta entzuteko hitzordu berezia

Gontzal Belategi Zubia

Erakusketan ikusgai egongo diren hainbat pieza. (Argazkia: Aitor Biain).

Musika-idazkeraren lehen urratsak jasotzen dituen erakusketa eta kontzertua izango dira azaroaren 5ean, 19:00etan, Gipuzkoako Artxibo Historikoan. Ganbara Abesbatza arduratuko da dokumentuei bizia emateaz. Ondarearen Europako Jardunaldien bueltan antolatu dute hitzordua.

Ondarearen Europako Jardunaldien bueltan, hitzordu berezia izango da Oñatin, Gipuzkoako Artxibo Historikoan, azaroaren 5ean. Musika-idazkeraren lehen urratsak erakusten dituen erakusketa izango da, eta Ganbara abesbatzak kontzertua emango du, ikusgai egongo diren zenbait pieza interpretatuz. Ekitaldia 19:00etan hasiko da, eta, sarrera doakoa den arren, aurrez izena eman beharko da, Foru Aldundiaren atarian dagoen inprimaki bat betez.

Partiturak, koadernatzeko

Erakusketan XII eta XIII. mendeetako Testu Liturgikoen Kodeen orriak ageri dira, baina berezitasun batekin: bestelako dokumentuen koadernaketa bezala erabiliak izan ziren. "Hemen badago Erdi Aroko Testu Liturgikoen Kodeekin enkuadernatuta dauden dokumentuen funts bat. Eskribauek Erdi Aroko liburu zahar horiei orriak kendu eta urtean zehar sortutako dokumentazioaren koadernazio bezala erabiltzen zituzten", azaldu du Aldundiko zaharberritzaile-teknikari Asier Catalanek.

Testu Liturgikoen Kodeekin koadernatutako eskrituretao bat. (Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)

Catalanek azaldu duenez, jokabide horiek ohikoak ziren: "XVI. mende hasieran, Errege-Erregina Katolikoek Alcalako Pragmatika aldarrikatu zuten, eta bertan, eskribauek urtean zehar sortutako eskritura guztiak ale batean jaso eta koadernaketarekin babestu behar dituztela esaten da. Garai hartan, koadernaketa ekonomikoena pergamino flexiblea zen, baina garestia zen, hala ere. Orduan, zer egiten zuten? Ba, berraprobetxatu, eta erabiltzen ez ziren liburu zaharrak erabiltzen zituzten". Egun, "Gipuzkoako dokumentu zaharrenetakoak" dira azal horiek.

Dokumentu hauen ikerketa Carmen Rodriguez Suso musikologo bilbotarrak abiatu zuen: "Fenomeno honen inguruko ikerketa 80. hamarkadan hasi zen, Carmen Rodriguez Susoren eskutik. Bera musikologoa da eta La monodía litúrgica en el País Vasco izeneko tesia argitaratu zuen. Artxiboz artxibo joan zen, dokumentu hauek identifikatzen eta katalogatzen". Oñatin, horrerlako 200 dokumentu inguru gordetzen dira, eta horietako batzuk erakutsiko dituzte erakusketan.

Bizia emanaz

Ganbara abesbatza arduratuko da dokumentuetako partiturei bizia emateaz, erakusketarekin batera egingo den kontzertuan. Abesbatzako zuzendari Aitor Biainek azaldu duenez, "kontzertu-ponentzia estiloko bat" izango da, eta hura arduratuko da emanaldian zehar azalpenak emateaz.

Monodiak izango dira protagonista emanaldian. Biainek dioenez, hauek, ahots bakarreko konposizio musikalak dira: "Monodia ahots bakarrera abesten da, eta ez duenean harmonia edo akonpainamendurik. Honen abiapuntua aurkitzeko Erdi Arora joan behar gara, izan ere, polifonia sortu aurretik monodian abesten zen. Bakarka zein taldean abesten zuten, baina, ahots bakarrean, melodia bakarrarekin".

Artxiboan gordetako dokumentuetako bat. (Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)

Artxiboko bi partitura interpretatuko dituzte, eta, horrez gain, Erdi Aroko bestelako monodiez, gozatzeko aukera izango da: "Erdi Aroan ibiliko gara, XII eta XIII. mendeetako musika entzungo dugu, baita musika gregorianoa ere. Monodian hainbat garai daude, Erdia Aroa urte pila bat izan ziren, eta Cantigasak zein musika alemaniarra ere entzungo ditugu".

Biainek azaldutakoaren arabera, artxiboko dokumentuetako partiturak ez dira egungoak bezalakoak, eta musikologo bilbotarraren lana izan dute oinarri hauek interpretatzeko: "Rodriguez Susok gaurko hizkuntzara transkribitu zituen, interpretatzeko; izan ere, artxiboko partiturak ez daude hizkuntza musikal modernoan eginda".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak