Aritz Iza: "Zerbait konkretutan espezializaittiaren ideiak ez naixok askorik erakarten"

Eki Letona Erretolatza

Aritz Iza Ugarte, Eskoziako itsasoan lan egin zuen parke eolikoan. Argazkia: Aritz Iza

Aritz Iza Ugarte (Oñati, 1999) Eskoziako itsasoan ibili da lanean azkenaldian, parke eoliko baten muntaketa gainbegiratzen. Musikak leku garrantzitsua dauka haren bizitzan: gitarra jotzen du, gitarra elektrikoak eraikitzeko ikastaro bat egin zuen eta LeeKore taldeko kide da.

Zela aurkeztuko heuke heure burua? Zein dok Aritz Iza?

Entretenitteko gutxi bihar dauen Oñatiko gazte bat. Bizitzan orekia modu arraruenetan topaitten xuat; askotan, kontzienteki.

Oñatiko gazte bat Eskoziako itsasuan, parke eoliko bat montaitten. Zela bukatu dok han? 

Pazientzia haundixakin hartuta eta astro batzuk alineau zialako lortu ñuan lana. Denboraldikua, dagoeneko bukatu dana, baiña esperientzia ikaragarrixa. Behin edo behin pentsau xuat kanpuan lan egittia aukera bat izan zeikela, baiña etxaguan planen barruan Eskoziako itsasuan bukaketia.

Barku baten bizi izatiak ze xakok ona eta ze txarra? Eguneroko bizimodua zelakua dok?

Logela txiki bat, buffet libria, bi egongela haundi, gimnasiua... eta Internet gutxi! Bizitza sinplia dok, baiña lan egittia tokaitten danian, gogorra. Diru dexente aurreraketan dok, baiña etxekuak faltan igarten ditxuat. Hillabete barkuan oso luzia egitten dok; hori dok txarrena. Onena, han ezagututako pertsonen eta gertakarixen gaiñeko istorixo danak. Herrialde askotako pertsonekin ibilli nauk lanian, eta, mundua gerran jarri dan neurrixan, gu elkarlanian ibilli gaittuk, gustora. Egunsentixak eta illunabarrak ikaragarrixak dittuk.

Hire curriculuma ikusitta, emuten xok gauza dezente probaittia gustaitten xakela. Zerk bultzaketan hau gauza barrittan sartzera? 

Zenbat eta gauza gehixago probau, orduan eta argixago xakuat dana konektauta daguela, alde bateko logikia beste aldian be aplikau leikela. Gauza barrixak ikasitta, ostian etorriko dian gauzak samurrago ikasteko gaittasuna garaketan dok, eta bizitzan aurrera egitteko modu onena dok. Zerbait konkretutan espezializaittiaren ideiak ez naixok askorik erakarten. Azkenaldixan, argazki eta bideo-grabaziñuen mundua ñabik arakaitten. Biharbada, Goienan nere curriculuma eukiko dozue laster; kar-kar.

Sukenan gitarria jo, eta oin, LeeKore taldeko kide. Ze emoten dosk musikiak? Eta zela uztarketan dok holako lan batekin?

Musikiak asko emuten xok: kontakizunak, historixia, egungo arazo sozialen azalpen bat eta kulturen mapa bat. Gizakixon izaeriaren eta ideien isla bat dok. Etxagok munduan sensaziño hoberik eszenatoki batera igo eta publikuak hire mezuakin, hire emanaldixakin konektaitten dauenian baiño. Baiña musikia eta lan hau etxoiazak batera, ez. 

Kanpuan bizi izatiak herrixa beste modu batera ikusteko balixo izaten xok. Ze igarten dok faltan Oñatitik kanpo haguenian?

Barkuan arbolarik ez daguenez eta dana laua danez, eguraldixak lagunketan dauenian, kar-kar, mendixak eta Oñatiko paisaje politta igarten xuat faltan. Baitta lagunak eta familixia be. Barkuan ezagututako pertsona asko ez ditxuat berriro ikusiko, eta oso inpertsonala izan dok. Horrek eruan naixok herrixan ezaguna dan jentia gehixago estimaittera.

Gazte askok egonkortasuna gura xuai; iñoiz pentsau dok lasaixago bizi izatia, lan finkuagua izatia?

Ez dok apur bat aspergarrixa egonkortasuna? Noizbait aukera hori etorriko dok, eta horri etxat atiak itxiko, baiña ez dok aktiboki billauko doten zerbait; oingoz ez, behintzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak