Eltziako topagunea hasi da askotariko egitasmoen espazio izaten berriz ere

Oihana Elorza Gorostiza

Ospel taldea, izen bereko diskoa aurkezteko kontzertuan, duela aste pare bat, Eltziako topagunean.

bingoa, bertsoak eta gaztainak uztartuko dituzte egubakoitzean eta biltzen duten dirua Hotz Oñati elkartearendako izango da. Azkura proiektua eta mahai-jolasen topaketa ere programatuta dituzte dagoeneko.

Udako etenaldiaren ostean, eta behin herriko jai nagusiak pasata, Eltziako topagunea era guztietako ekintzak antolatu eta egiteko gune bihurtu da berriz ere. Eltziakide diren taldeen proiektuak, taldeetako kideen artean sortutako egitarauak eta herritarrek dituzten egitasmoak gauzatzeko gunea dela gogora ekarri du bertako dinamizatzaileak, Eneko Ibabek.

25 kilo gaztaina

Biharko, egubakoitza, esaterako, egoitza Eltzian duten herriko bi elkarteren artean antolatutako proposamena iragarri dute: bingoa antolatu dute arratsalderako Lagun Lekuko kideek, puntuka bertsotan egingo dute iluntzean Txinparta bertso es- kolako gaztetxoek, eta, bitartean, danbolinean gaztainak erreko dituzte elkarte bietakoek.

Joan den urtean ere egin zuten gaztaina-jana, eta, izan zuen harrera onarekin gogoratuta, aurten 25 kilo gaztaina erreko dituzte. "Sua egingo dugu klaustroan, eta hantxe erreko ditugu, danbolinean. Gaztainez gain, sagardoa ere egongo da, joan den urtean bezala, eta aurten, baita gazta eta irasagarra ere", azaldu du Ibabek. Bost eurotan salduko dituzte txartelak, eta bat erosita nahi adina gaztaina, gazta edo irasagar jan dezake erosleak. Elkartasun ekitaldia izango da, gainera, batutako dirua Hotz Oñati taldearentzat izango da eta.

Mahai-jolasak, denentzat

Duela aste pare bat Ospel taldeak egindako disko aurkezpenari emango dio segida biharko ekitaldiak. Pentsatu zuten "naturalena" zela taldearen izen bera duen diskoa Eltzian bertan aurkeztea, eta halaxe egin zuten. Hurrengo ekintzak ere zehaztuta dituzte dagoeneko. Esaterako, azaroaren 6an, Malen Perez de Arenazaren Azkura proiektua entzuteko aukera egongo da; hitza, musika eta bertsoa uztartzen dituen emanaldia. Eta mahai-jolasetan aritzeko eguna ere jarrita dute dagoeneko; azaroaren 21ean izango da hori, goizean.

Mahai-jolasetan ibiltzea atsegin duten eltziakideak hilean behin elkartzen dira horretarako, eta azaroaren 21ean topagunean jolastuko dira, horretan ibiltzea eurek beste atsegin duten herritarrekin batera. "Duela gutxi, Gasteizen egon ginen, hango mahai-jolasen azokan. Jolas bat erosi genuen eta beste hainbat probatu, gero hemen jolasteko. 18 eta 70 urte bitarteko eltziakideak elkartzen dira hileroko hitzorduan, eta topagunerako ere adin askotariko herritarrak jolasteko modukoak eramango ditugu. Estrategia landuko da batzuetan, oroimena beste batzuetan... Polita izango da", aurreratu du Eltziako dinamizatzaileak.

Eltzian herriko 25 taldek dute euren lokala, baina 500 pertsona inguru ibiltzen dira. Ekintza horiek eltziakideengandik ateratakoak dira, baina Ibabek azaldu du kanpokoenek ere badutela tokia topagunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak