Oñatiko arkeotopaketen VI. edizioa ari dira egiten kultura etxean

Oihana Elorza Gorostiza

Izaro Elorza eta Alvaro Arrizabalaga arkeotopaketen jardunaldian, gaur.

Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurreko ikerketa taldeko kideak eta historiaurrean lanean diharduten beste hainbat aditu elkartu dira gaur Oñatin esku artean Euskal Herriaren historiaren ikerketaren erronkak dituztela. Bihar, Bordeleko unibertsitateko taldekoekin elkartuko dira, elkarlanerako bidea zabalduz.

Arkeotopaketen VI. edizioa egiten dihardute goizetik Oñatiko kultura etxean. Alvaro Arrizabalaga historialari oñatiarrak eta Izaro Elorza alkateak egin diete jardunaldiaren aurkezpena eta ongietorria kanpotik etorri diren historiako adituei.

EHUko sail ezberdinetako 24 ikerlari biltzen ditu Historiaurreko ikerketa taldeak eta Oñatin batzartu dira gaur, ikerketa horietan eta 2030. urtera arte jarraitu beharreko estrategia eztabaidatzeko. Taldea bera aurkezteaz gain, hamar ikerketa ildoetako bakoitzak bere lan-eremuak zehaztuko ditu eta arratsaldean, taldekideek, batez ere kide berriek, beren lan-ildoei buruz hitz egingo dute.

Bordeleko unibertsitatearekin

Euskal Autonomia Erkidegoko goi-mailako hezkuntza, irakaskuntza eta ikerketa antolatzen eta arautzen dituen erakundeen eta zentroen multzoa den Euskal Unibertsitate Sistemak EAEko unibertsitateak baino ez ditu hartzen, eta, ikerketa eremua zabaltzeko eta elkarlanerako bidea zabaltzeko, bihar, egubakoitza, bilera egingo dute Bordeleko unibertsitateko ordezkariekin.

Oñatin egingo dute bilera hori  Gizapre –historiaurreko ikerketa taldea– taldeko sei kideren eta Bordeleko Unibertsitateko Pacea taldeko beste seiren artean. Bilera horretan, Historiaurreko Ikerketarako Mugaz Gaindiko Laborategia abian jartzeko aukerak aztertuko dira, EUSKAMPUSek unibertsitateen arteko lankidetzarako proposatutako figuren barruan. Laborategi horrek bi taldeen artean partekatutako giza baliabideen eta baliabide materialen esparrua eskaini behar du, Euskal Herri osoa barne hartzen duten ikerketekin eta Europako, Afrikako eta Asiako beste eremu batzuetan abian dauden beste jarduera arkeologikoekin.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak