Kooperatibak: gehigarri berezia

ULMAren etorkizuna bermatuta egon dadin, ezinbestekoa da gazteen talentua eta inplikazioa

Babestutako edukia

ULMAko hiru gazte, lanean, bulegoan.

Belaunaldi berrien aldeko apustu garbia egin izan du beti ULMAk, eta garbi du hori dela bidea etorkizunera begira ere, egonkortzeko ez ezik, hazten jarraitzeko.

ULMAk, rreta eguneroko lanean jarrita izan arren, ezinbestean, etorkizunari ere begiratzen dio; bide horretan, gazteek garrantzi estrategikoa dutela azaldu du Aitor Galdosek, ULMAko Pertsona Saileko zuzendariak. "Oso aldaketa azkarreko testuinguru batean bizi gara: digitalizazioa, jasangarritasuna, lan egiteko modu berriak, adimen artifiziala, nazioartekotzea... Eta etengabe gaitasun berriak, ikuspegi berriak eta mundua ulertzeko modu berriak txertatu behar ditugu. Belaunaldi berriek horixe ematen digute". 

Halaber, alderdi bereizgarri bat ere aipatu du Galdosek: "Ez gara profesionalak sartzeaz ari soilik, baizik eta etorkizuneko bazkideak sartzeaz, egunen batean enpresaren arduradun izango direnak, hain zuzen. Horrek beste inportantzia bat ematen dio belaunaldi-erreleboari. Enpresa-proiektu baten jarraitutasuna bermatu nahi da, baina baita balio batzuk eta enpresa ulertzeko beste modu bat ere".

Kooperatibaren ezagutza

Erronka nagusietako bat da belaunaldi berriek ezagutzea kooperatiba bat zer den eta hark gazteei eskaini diezaiekeen guztia, Galdosen esanetan. "Askotan, gazteekin hitz egiten dugunean, enpresa tradizionalak ondo ezagutzen dituztela ohartzen gara, baina ez dituzte beti ezagutzen gurea bezalako eredu batek eskaintzen dituen parte hartzeko eta garatzeko aukerak".

Gazteek lan-arloan dituzten lehentasunak aztertu ditu ULMAk, eta emaitzak "oso argiak" direla dio Galdosek: "Proiektuak helburu hartuta, hazteko aukerak, lan-giro ona, parte-hartzea, egonkortasuna, kontziliazioa eta gizartearekin eta ingurunearekin konprometitutako enpresak bilatzen dituzte".

ULMAko bi langile, kooperatibako instalazioetan.

ULMAk baldintza horiei erantzuten diela uste du Pertsona Saileko zuzendariak. "Enplegua eta garapen profesionala izateaz gain, bazkide gisa enpresa-proiektuan parte hartzeko aukera ematen du. Horregatik, hainbat esparrutatik lan egiten dugu: talentu gaztea txertatuz, unibertsitateekin eta lanbide-heziketako ikastetxeekin lankidetzan arituz, harrera- eta prestakuntza-programak garatuz eta lehen etapa profesionaletatik parte hartzeko espazioak erraztuz".

Hiru abantaila ematen ditu

Eredu kooperatiboak egungo gazteei hiru abantaila eskaintzen dizkie. Lehenik, enpresa liderretan eta nazioarteko jarduera dutenetan ibilbide profesional sendoa garatzeko aukera; bigarrenik, parte-hartzea: "Izan ere, langileak proiektuaren eraikuntzan inplikatu, ideiak eman eta aktiboki parte hartzeko aukera dute"; azkenik, helburua: "Gero eta gazte gehiagok nahi dute euren lana jarduera ekonomikotik haratago joatea. ULMAk enpresa-lehiakortasuna gizarte-inpaktuarekin, pertsonekiko konpromisoarekin eta gure ingurunearen garapenari egindako ekarpenarekin uztartzen du". 

Azken batean, "belaunaldi berriek bereziki baloratzen duten zerbait" eskaintzen du ULMAk: "Proiektu profesional zorrotz eta global baten parte izatea, baina sustraiei, pertsonei eta komunitatean eragin positiboari uko egin gabe".

Bazkide gazteek ere hala uste dute. ULMA Handling Systems-eko bazkide Elena Larreategik, esaterako, elkartasuna, erantzukizuna, parte-hartzea, lankidetza eta pertsonen garapena azpimarratu ditu. "Bestalde, gazteok ere ekarpen handia egin diezaiokegu kooperatibaren etorkizunari. Ideia berriak, ikuspegi berritzaileak, teknologiarekiko hurbiltasuna eta egungo aldaketetara egokitzeko gaitasuna ekartzen dituzte".

Oier Elortza ULMA Embedded Solutions-eko bazkideak, halaber, uste du ULMAk enpresaren parte sentiarazten dituela gazteak. "Gaur egungo erronkei aurre egiteko, baita kooperatibismoaren ideia bizirik mantentzeko ere, gazteen eta belaunaldi berrien ekarpena ezinbestekoa dela uste dut", gaineratu du.

ULMAko hainbat kide, ideiak partekatzen, kooperatibako egongeletako batean.

Inplikazioa, ezinbestekoa

Bazkide izateak "enpresa-proiektu partekatu batean parte hartzea, erabaki garrantzitsuetan hitza eta botoa izatea eta erakundearen etorkizuna definitzen laguntzea" esan nahi duela azpimarratu du Galdosek. "Erantzukizunak hartzea ere esan nahi du, era berean. Kooperatiba batek funtzionatzen du hango bazkideak inplikatu egiten direlako eta proiektuaren arrakasta guztion esku dagoela ulertzen dutelako. Askotan azaltzen dugu bazkide izateak enpresari beste ikuspegi batetik begiratzea dakarrela; orainaldian soilik pentsatu beharrean, gero etorriko diren belaunaldientzat antolaketa sendoagoa uztean ere pentsatuz".

Ereduaren transmisioa

Bazkide egiteko orduan, kontzeptu teorikoak azaldu baino gehiago, egunerokoan duen eragina erakusten saiatzen da enpresa. "Erabakiak nola hartzen diren, nola parte hartzen den, zuzendaritza-organoek nola funtzionatzen duten edo pertsonek erakundean benetan nola eragin dezaketen. Dagoeneko bazkide direnen zeregina ere oso garrantzitsua da. Ereduko enbaxadorerik onenak dira, haien esperientzia partekatu eta ULMAko kide izateak haientzat zer esan nahi duen azaldu dezaketelako. Azkenean, kooperatiba bat hobeto ulertzen da hura biziz, teoria azalduz baino".

Partaidetza-organoetan daude

ULMAk argi duen beste gauza bat da gazteek partaidetza-organoetan parte hartzearen garrantzia. "Belaunaldi berriak apurka-apurka parte hartzeko eta erabakiak hartzeko guneetan sartzea da gure helburua. Kooperatibek esperientzia orekatu eta berritua behar dute. Esperientziak epe luzerako ezagutza, egonkortasuna eta ikuspegia ematen ditu. Gazteek ikuspegi berriak, aldaketa sozial eta teknologikoekiko sentsibilitatea eta etorkizuneko erronken ikuspegi desberdina ematen dituzte", dio Galdosek. "Azken finean, bi begirada horien konbinazioa da gure ereduaren indargune handienetako bat", gehitu du.

Zer esan nahi du bazkide izateak?

Elena Larreategi, ULMA Handling Systems: "Kooperatiba batean enpresaren parte zara, eta horrek inplikazio, motibazio eta erantzukizun handiagoa ematen dizu. Arrakastak eta erronkak guztionak dira. Bazkideok urtero egiten diren batzarretan elkartzen gara, eta aurten, esaterako, Kontseilu Errektorea, Kontseilu Soziala eta lehendakaria aukeratzeko bozketa egin dugu. Garrantzitsua eta aberasgarria da hori, bazkide bakoitzaren iritzia eta ekarpena kontuan hartzen baitira kooperatibaren etorkizuna eraikitzerakoan".

Oier Elortza, ULMA Embedded Solutions: "ULMAko bazkide izatea, enpresa batean lan egiteaz gain, proiektu komun baten parte izatea da. Hori dela eta, nire ustez, garrantzitsua da parte hartzea. Bazkide gisa, kooperatibaren batzarretan parte hartu, iritzia eman eta erabaki garrantzitsuak bozkatuz ekarpena egin dezakezu. Horrek aukera ematen du enpresaren norabidean eragin erreala izateko. Zure iritzia kontuan hartzen dela sentitzeak proiektuaren parte zarela sentiarazten zaitu".

Gazteena ere bada enpresa

Gazteek enpresa eurena dela sentiaraztea da gakoetako bat, haiek ekarpenak egin ditzaten eta haien iritziak garrantzitsuak direla sentitu dezaten. "Horregatik, espazio errealak sortu behar ditugu, inplikatzeko, ideiak proposatzeko eta erakundea garatzen laguntzeko", zehaztu du Pertsona Saileko zuzendariak. "Inportantea da, halaber, kooperatibismoa hezkuntza-inguruneetara hurbiltzea eta beren karrera profesionala kooperatiba baten barruan eraikitzea erabaki duten gazteen benetako kasuak erakustea. Gazte bat ohartzen denean enpresa global, berritzaile eta lehiakor batean lan egin dezakeela eta, gainera, enpresa-proiektuaren parte aktibo bihur daitekeela, eredu kooperatiboari oso modu desberdinean begiratzen dio".

Balio kooperatiboak eguneratuz

Laburbilduz, Pertsona Saileko zuzendariak azaldu du belaunaldi berriek ekarpen "izugarria bezain funtsezkoa" egiten diotela enpresari. "Gaitasun teknologiko berriak, lankidetza-modu berriak, iraunkortasunarekiko sentsibilitate berezia eta gero eta ikuspegi globalagoa eta nazioartekoagoa eskaintzen dituzte", nabarmendu du.

Edozelan ere, gazteek egiten duten ekarpenik handiena beste bat da, haren esanetan: "Balio kooperatiboak berrinterpretatzen laguntzea, XXI. mendean garrantzitsuak izaten jarrai dezaten. ULMA sortu zuten printzipioek indarrean jarraitzen dute. Mundu berri batean aplikatzeko modua da aldatzen dena. Eta hor belaunaldi berriek funtsezko zeregina dute".

ULMAren sortzaileak, gazteak

Ezin da ahaztu, azken batean, duela 65 urte, gazte talde bat izan zela proiektu kooperatibo bati ekitea erabaki zuena, eta hura izan zela gaur egungo ULMAren hazia, hain zuzen ere. "Orain, beste gazte batzuek dute istorio horren hurrengo kapitulua idazteko aukera. Gure erantzukizuna da proiektu erakargarria, lehiakorra eta zentzuduna eskaintzea; profesionalki hazteko, aktiboki parte hartzeko eta gure ingurunetik eta begirada global batekin gizarte hobea eraikitzen laguntzeko aukera ematen duen proiektua", bukatu du Galdosek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak