Donostiako bi taldek emango diote hasiera Burrundako ziklo berriari

Oihana Elorza Gorostiza

Donostiako On taldea. (Argazkia: Kulturklik)

Asteburuan hasiko da Burrunda Faktoriaren ziklo berria. Ohitura duen moduan, datozen hiru hilabeteetarako lotu dituzten kontzertuen berri eman dute, eta zapatuan, hilak 24, izango dira lehenak. Donostiako On eta Mark Duti taldeek emango diote hasiera ziklo berriari.

Duela hamalau urte, 2012an, abiarazi zuen On rock taldea Itsaso Gutierrez Retolazak. 2018ra bitartean, autoekoiztutako bi disko kaleratu zituen taldeak, Donostiako Izan Pirata musika lehiaketa irabazi eta ehunka kontzertu eman. 2018an, amatasunagatik eta bizitzako hainbat gorabeherak beharturik, musika ibilbidea eten zuen. Baina 2025ean ilusioz hartu zuen berriz, musikari berriekin. Etapa honetan, emakume musikariei aukera ematea du erronka, eta, hala, Maialen Urretabizkaia eta Ainhoa Gonzalez de Txabarri ditu ondoan. Gainera, azken horren estreinaldia izango da Antixeneko kontzertua. Antolatzaileek esan dutenez, "On bere horretan ikusteko aukera izango da Antixenean: gordin eta indartsuen moduan". Mark Duti taldea, berriz, lokaleko inprobisazio-saioetatik sortutako taldea da. 60ko eta 70eko hamarkadetako rock progresiboan oinarritutako egiturak eta gaur egungo soinuak nahasten dituzte euren kantuetan: "Kontzertuan sartu eta euren unibertsoan murgiltzeko proposamena egingo digute".

Musika eta feminismoa

Orain arteko ibilbideari jarraipena ematea da antolatzaileen asmoa. Hala, lotutako kontzertuak Antixena gaztetxean izango dira, emanaldietara joateko bonuak egongo dira udazkenean ere, baita fanzinea ere, eta gonbidatuak herriko gazta batekin bueltatuko dira etxera.

Kontzertuez aparte, hitzaldi-tailer bat antolatu dute oraingoan: "Herritarrak, auzo-jaietako batzordeetako jendea nahiz herriko programatzaileak gonbidatu gura ditugu, besteak beste, musikagintzaz eta feminismoaz hausnartzeko". Saio hori azaroaren 10ean izango da; Jone Exposito Alberdi zestoarra izango da dinamizatzailea

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak