Errugbian jokatzeko eskaintzak erantzuna izan du, eta Larrañan dabiltza

Oihana Elorza Gorostiza

Larrañako futbol zelaia.

Kirol eskolaren eskaintza gustatuta, hamasei gaztetxok eman dute izena. Egubakoitzetan izaten dituzte saioak, Larrañako futbol zelaian.

Arrasate Rugby Taldearen eskutik heldu zen Aloña Mendira ikasturte honetan Oñatiko gaztetxoei errugbia eskaintzeko proposamena. Gustatu egin zitzaion asmoa Aloña Mendiri, eta, hala, kirol hori egiteko aukera eskaini zien gaztetxoei, beste kirol denekin batera, aurengo kirol eskolaren programan. Alde bien harridurarako, hamasei gaztetxok aukeratu dute, eta Larrañako futbol zelaian egiten dituzte saioak, egubakoitzetan, 18:00etatik 19:00etara.

Larrañako futbol zelaian

Hori izan da, hain zuzen ere, Aloña Mendik jarri duen "baldintza" bakarra, leku, egun eta ordu horretan egin behar izatea, beste aukerarik ezean. "Azkoagain eta Larraña, biak daude beteta, gaztetxo asko dabiltza kirol eskolan, eta futboleko entrenamenduak ere antolatu behar dira. Larraña libre zegoen egun eta ordu bakarra hori zen, eta horrela eskaini genien Arrasatekoei. Haiek kudeatzen dute dena, haiek etortzen dira hona egubakoitzetan eta haiek gidatzen dituzte saioak", azaldu du Aloña Mendi Kirol Elkarteko zuzendaritzako kide Iñaki Mendarozketak.

Aste honetan, egubakoitzean, hirugarren saioa egingo dute Larrañan; urriarekin batera hasi ziren errugbian. Arrasate Rugby Taldeko Beñat Salaberri etortzen da, beste bi lagunekin batera, eta haiek gidatzen dituzte saioak. Behar duten materiala ere eurek ekartzen dute; baloiak, esaterako. "Gaztetxoek kirola egiteko arropa eta oinetakoak bakarrik ekarri behar dituzte, besterik ez. Oinetakoak takodunak badira, hobeto, baina kirola egiteko zapatilek ere balio dute", azaldu du Salaberrik.

Kirola ezagutzen hasi

Adin ezberdinetako gaztetxoak daude hamasei horien artean –Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik seigarren maila artekoak–, eta ariketa guztiak denen artean eginez hasi dute ikasturtea. "Kontaktuko kirola da errugbia, eta egin behar ditugun ariketen arabera taldetxo ezberdinak egingo ditugu gero; ikasturtea aurrera doan heinean, baina, taldean jokatuz hasi gara".

"Pozik eta gogoz" ikusten ditu Salaberrik errugbian hasi diren hamasei gaztetxoak. "Partiduak jokatzeko aukeren inguruan ere galdetu dute dagoeneko. Arrasatekoekin batuta prestatu beharko genuke hori, eta, agian, egingo dugu, bada aukera bat, baina oraindik ez gara horretan hasi. Kirolaren ezaugarriak ikasten, kirola bera ezagutzen hasi gara. Errugbiaz gozatzea da helburua", dio Salaberrik.

Errugbi eskolak sortu

Arrasaten ez ezik, bailarako beste herri batzuetan ere errugbi eskolak sortzeko asmoa dauka Arrasate Rubgy Taldeak, Debagoienean hedatzeko. Helburua da kirol eskolan ari diren gaztetxoei errugbia ezagutaraztea, umeak kirol horretara hurbiltzeko bidea erraztea. Gustatuz gero, Arrasateko taldean aukera izango lukete kirol horretan jarraitzeko. "Errugbi eskolak sortu gurako genituzke, bai. Umeei kirol hori erakutsi, eta gero Arrasaten jokatzeko aukera dutela azaldu", adierazi du Salaberrik. Aurten, Oñatin bakarrik sortu da taldea, Aloña Mendiren babespean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak