Poztasuna transmititzen duen requiema, 60. urteurrena ixteko

Eneko Azurmendi Barrena

Kontzertu berezia egin zuen Bidaurretan zapatuan Oñati Abesbatzak. Horretarako, Gerardo Rifon organo-jotzailearen eta bost musikariz osaturiko ganbera-orkestra baten laguntza izan du. Horrez gain, Amaia Igartua oñatiarra aritu da soprano bakarlari lanetan.

Borobildu du urteurren berezia Oñati Abesbatzak. Joan den urteko abenduan hasita, urtean zehar hainbat ekintza egin dituzte, "60 urte bizitzan behin betetzen direlako", Mirengu Plazaola zuzendariak dioen moduan. Gainera, abesbatzaren zuzendari den hamargarren urteurrena ere bada, eta, bi ospakizunak batuta, urteurrenaren "balorazio oso positiboa" egin du: "Suhar koruarekin egindako kontzertua gozagarria izan zen, Gurutz Linazasororen hitzaldia ere jendetsua eta aberasgarria izan zen; joan zirenek asko ulertu zuten musikak neurologiarekin duen eraginaren inguruan. Ate irekiak ere egin ditugu, baina esan behar dugu ate irekiak urte osoan egiten ditugula". Horri lotuta, Plazaolak adierazi du azken lauzpabost urte hauetan irabazi egin dutela osasunean; dozena bat lagun sartu dira abesbatzan. Entseguak astelehenetan eta eguaztenetan egiten dituzte, 19:30etik 21:00etara, agustindarren elizan.

Bi kontzertu falta

60. urteurrenaren bueltako kontzertuaren ostean, 2026a borobiltzeko bi kontzertu emango ditu Oñati abesbatzak: alde batetik, Musikegunen egitarauaren barruan, Jon Mestrerekin batera joko dute kontzertua, azaroaren 22an. Azkenik, abesbatzaren "kontzertu gustukoenarekin" agurtuko dute urtea, Gabonetako kontzertuarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak