Ligako bigarren jardunaldian denboraldiko lehen garaipena eskuratzen saiatu ziren atzo Ulma Aloña Mendiko neskak, eta partidu parekatu baten ostean merezi ez zuten zigorra jaso zuten, bizkaitarrek gol bateko errentarekin eraman zituztelako puntuak (28-29). Norgehiagokako lehenengo minutuetan etxekoak aurreratu ziren (4-2) baina kanpotarrek segituan erakutsi zuten lehiarako gertu zetozela, eta bai lehenengo zatian, eta bai bigarrenean, bi taldeen arteko borroka ezin estuagoa izan zen. Pentsa, partiduan zehar inongo momentutan ez zen errenta hiru golekoa baino handiagoa izan.
Atsedenaldira Txantxikuak erretiratu ziren aurretik (18-16), eta 30. minutuan 20-17 erakusten zuen markagailuak etxekoen alde. Baina, Pablo Garciaren neskendako hor amaitu ziren momentu gozoenak. Kanpotarrak poliki-poliki aldea txikitzen joan ziren, eta baita markagailuan aurretik jarri ere (26-27, 50.minutuan). Miren Bermejoren (8), Ane Murguzurren (7) eta Ainhoa Anduagaren (5) golak ez ziren nahikoa kontrarioa atzean mantentzeko, eta azken minutu garrantzitsu horietan Kukullaga Etxebarrikoak hobeto ibili ziren, amaiera estuan gailentzeko (28-29).
Bergarak lider jarraitzen du
Gipuzkoako senior mailako gizonezkoen ligan Soraluce BKEk lider jarraitzen du, asteburuan Leizaran Erniori 35-29 irabazi eta gero, eta Arrasatekoek 24-22 irabazi diete Txingudikoei. Emakumezkoen senior mailan, berriz, Txingudiren zelaian Mondragon Lingua Bergarak 25-18 galdu du.